Amaitu da Mugikortasun Elkargunean bide segurtasunaren inguruan egin den parte-hartze prozesua
“Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Herritar Foroa” Elkargunearen azken hiru saioak mugikortasunari lotutako segurtasunaren esparrua lantzeko erabili dira. Prozesuari hasiera eman zion lehen saioan (hemen akta), Herritarren Segurtasuneko Sailak Gasteizen azken urteetan gertatutako istripuez dituen datu kuantitatiboak laburbildu ziren. Argitze-agirietan jasotako informazioari esker, istripuen egoera, jatorri eta ondorioetako asko zehaztu ahal izan dira, eta esparru horretan egin daitezkeen hobekuntzak zehazteko oinarri nagusia osatzen du informazio horrek. Mugikortasun orokorrari eta mugikortasun aktiboari lotutako istripuen datuak aurkeztu ziren.
Ondoren, datu kuantitatiboen osagarri gisa, mugikortasunari lotutako zenbait esparrutako pertsonak elkarrizketatu ziren, herritarrek auziaren inguruan duten pertzepzioa ezagutzeko. Izan ere, zenbait kasutan ez datoz bat datu objektiboak eta jendearen ikuskera.
Bigarren saioan, informazio hori guztia in situ azaldu zitzaien bertan parte hartu zuen berrogeita hamar pertsonari, eta taldeka lan eginda, mugikortasunari lotutako istripuen egungo egoeraren diagnostiko partekatua egin zen.
Azkenik, hirugarren saioan, bide segurtasuna hobetzeko beste zenbait hiritan aplikatu diren praktika onen benchmarking bat aurkeztu zen. Dokumentu hori eta aurreko guztiak erabilita, saioko parte-hartzaileek orientazioen sorta bat proposatu zuten (aktan jasota daude), herritarren ikuspegitik, Bide Segurtasuneko Plan bat prestatzeko erabil daitezkeenak.
Oraindik aurrera, Herritarren Segurtasunaren Sailak hasiera emango dio Bide Segurtasuneko Planaren idazketari. Planak herritarren ekarpen guztiak hartuko ditu kontuan, bai eta goragoko administrazioen planetatik datozen arauak ere; hala ere, planaren oinarri nagusia udal teknikariek, batez ere Udaltzaingokoek, Trafikokoek eta Espazio Publikokoek, auzi horren inguruan duten ezagutza izango da.