Alkateak eta Salvador Ruedak Mugikortasun Planaren berrikuspenaren ildo nagusiak aurkeztu zituzten azaroaren 22an
Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ildo nagusiak aurkeztu zituen azaroaren 22an Gasteizko Udalak, hurrengo hilabeteetan prest egongo den agiria, zeinek partaidetza-prozesu bat izango baitu. San Martineko ekitaldi-aretoan egin den ekitaldi instituzionalean, Gorka Urtaran alkateak eta Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziako zuzendari Salvador Ruedak lanen egoera azaldu zieten udal talde politikoei eta udal teknikariei. Arratsaldean, herritarrei egin zitzaien aurkezpena.
“2025 Estrategiaren ardatzetako bat da mugikortasuna, baita udal gobernuaren apustu nagusietako bat ere. Horregatik da hain inportantea agiri hau, gure mugikortasun-eredua definitzeko orduan hurrengo urteetan jarraitu beharko dugun bidea erakutsiko baitigu. Erronka bati aurre egiten ari zaio Gasteiz. Batez ere, trenbidea lurperatzeak sortuko dituen aukerak aintzat harturik. Eta erronka horri bide-orri batekin erantzun behar diogu, Salvador Ruedaren eta beraren lantaldearen gisako nazioarteko maila duten adituek eta udal profesionalek lagunduta. Inolaz ere ahaztu gabe talde politikoen eta herritarren partaidetza. Guztion artean, duela hamarkada bat baino gehiago abian jarri genituen printzipio haiek eguneratu eta errealitate berrira egokitu behar ditugu. Eta, agenda honetan, dagoeneko zenbait proiektu zehatz identifikatu ditugu, hala nola trenbidea lurperatzeak libre utziko duen korridorean barrena Salburua eta Zabalgana lotuko duen tranbia egitea, TUVISAren lineak berrantolatu eta ibilbide berria sortzea, Florida eta Manuel Iradier kaleak oinezkoentzako bihurtzea —udal gobernuak proposatu eta dagoeneko lurperatze-proiektuan sartuta dagoen lurpeko trafiko-bideari esker—, edo superretxadiak eta bizikleta eta oinezkoentzako bide berriak bultzatuz”, nabarmendu zuen Gorka Urtaran alkateak.
Salvador Ruedak, berriz, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak planteatzen dituen zenbait konponbide eman zituen ezagutzera, zeinen helburua baita oinezko joan-etorriek eta desplazamendu aktibo ez motorizatuek ibilgailu pribatuari eremua irabazten jarraituko duten hiria eraikitzea. Horretarako, funtsezkoa izango da superretxadien sistema sortzen jarraitzea, oinez nahiz bizikletaz ibiltzeko lehentasunezko sareekin. Barne hartuz orduko 10 edo 20 kilometroko trafiko-abiadura izango duten eremuak, superretxadi horien barruan.
Garraio publiko eta kolektiboak, gainera, hobetu egin beharko ditu eskaintza, irisgarritasuna eta eraginkortasuna, intermodalitatea bultzatuz eta gasteiztarrei konponbide hobeak eskainiz. Ulertu beharra baitago mugikortasun-modurik demokratikoena oinez ibiltzea dela, gero garraio publikoa datorrela, horren atzetik bizikleta eta azkenik ibilgailu motorduna. Berebiziko garrantzia du, puntu horretan, kontuan izatea hurrengo urteetako biztanleria-hazkundea, batez ere Salburua eta Zabalgana auzoetakoa.
Oro har, eta Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak egindako proposamenarekin bat etorriz, etorkizuneko garraio publikoaren sareari buruzko proposamen bat egin da, Salburua bulebarretik Pedro Asua kaleraino aurreikusita dagoen trenbidearen 3,6 kilometroko lurperatzearen inguruan eraikia.
Eskema horretan, trenbideak libre utziko duen tartean, ekialdetik mendebaldera, tranbia egitea izango da Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuntza nagusietako bat. Hartara, gurutze-formako bi tranbia-ardatz osatuko lirateke Gasteizen: hegoaldetik —unibertsitatea, Dato kaleko etorkizuneko geltokia— iparraldera —Ibaiondo, Abetxuku—, batetik, eta Salburutik Zabalganera, bestetik. Horretarako, lehenik Salburu aldera aurreikusitako luzapena egin beharko litzateke, eta gero Zabalganera, eta, gainera, bi adar planteatuko lirateke —Mariturri edo Jundizeraino, lehenengoan, eta Salburuaren iparralderaino eta Arkaiateraino bigarrenean—. Tranbia-sistema horretaz harago, ahalmen handiko sare horren guztiaren elementu egituratzailea bihurtuko da periferiako BEA, hasierako unetik bertatik aurreikusi zen bezala.
Tranbiaren eta BEAren garapenaz gain, hainbat aldakuntza egingo ditu TUVISAk bere sarean. Geroko partaidetza-prozesuan eta TUVISAren beraren kontseiluan adostu beharreko aldakuntzak izango dira. Berrikuntza nagusia autobus-linea berri baten sorkuntza litzateke, zeinek aukera emango baitu Salburua eta Zabalgana iparraldetik lotzeko, intereseko puntuak konektatuz, hala nola Txagorritxu ospitalea, autobus-geltokia eta Boulevarda. 1, 3, 5, 8 eta 9. lineetan ere hainbat aldakuntza proposatuko bide dira. Aldi berean, Jundizerako garraioa hobetzeko sistema bat ezarriko da.
Salvador Ruedak emandako justifikazio-datuen arabera, garraio publikoaren erabilera areagotzeko aukera emango luke eskema horrek. Bai tranbian, bai TUVISAren autobusetan.
Garraio publikoaren mapa berri horretatik abiaturik, hiriko hainbat ingurunetan espazio publikoa berrantolatzeari aurre egin ahal izango lioke Gasteizek, betiere oinezkoentzako superretxadien, hiri-zidorren eta bide berdeen eredua oinarritzat harturik.
Jarduera-ildo horretako proiektu nagusietako bat —kontuan izanik trenbidea lurperatzeko proiektuan trafiko-bide bat sartu dela, alkateak proposatu bezala— Manuel Iradier eta Florida kaleak trafikotik libratzea izango da, oinezkoentzako kale bihurtu eta ekialde-mendebalde lotura egingo duen superzidor bat sortuz.
Bizikleta-sarearen esparruan, bizikletentzako bideen oinarrizko sarea jostea planteatzen da, 40 bat kilometro bide gehiago eginez, baita superretxadien barruan trafikoa lasaitzea ere. Orobat proposatzen du Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziatik industrialdeetara jotzeko ahalmen handiko bizikleta-bide bereizi berriak sortzea, ingurune horiekiko konexioa hobetzeko.
Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren berrikuspenak barne hartuko dituen hobekuntza horiek guztiek ibilgailu pribatuarentzako konponbideak bilatzera behartuko dute gatazkarik handieneko hainbat ingurunetan. Nolanahi ere, Bartzelonako Hiri Ekologiako Agentziak emandako trafiko-adierazleen arabera, planteatutako egoera guztiak gauzagarri dira. “Garraio publikoaren azpiegitura handi horiek ezartzeak berorren erabilera handiagoa ekarriko du, eta ibilgailu pribatuaren erabilera urriagoa”, aurreikusten da.
Hala ere, zehaztu beharko diren eraberritze-proiektuen bitartez hobetu beharreko hainbat eremu ere aipatzen dira agirian: Esmaltazioetako eta Iturritxuko biribilguneak, Lovainako biribilgunea eta Latinoamerikako biribilgunea, esaterako. Dagoeneko lanean ari da Udala hiru gune horietarako konponbideak bilatzen.
> Aurkezpena PDF formatuan (es)
Aurkezpenaren bideoa