Gasteizko ALEKO Nekazaritzako Test Gunearen ezagutza transferitzeko tailerra egin da

Joan den uztailaren 8an, Enpresa Agroekologikoen Basaldea Zentroan topaketa bat egin zen CROPS4LIFE proiektuaren eta nekazaritzako test-guneen figuran interesa duten pertsona eta erakundeen artean. Mota horretako ekimenek nekazaritzako sektore ekologikoan jende eta ekimen berriak txertatzeko izan dezakeen balioz aritu ziren tailerrean parte hartu zutenek. Tailerraren helburua Gasteizko Nekazaritzako Test-Gunea (ALEKO) ezartzerakoan bizitako esperientzia proiektutik kanpoko erakundeekin partekatzea zen, eta prozesu horren ikaskuntza eta oztopoak zein izan diren azaltzea.
Jardunaldiaren hasieran, Amaterra enpresak – ALEKO dinamizazioaz arduratzen den proiektuko bazkidea da –, nekazaritzako test-gune bat zer den azaldu zuen, Gasteizko kasuaren berezitasunak zein diren eta hiru urteetan izan duen bilakaera azaldu zuen. Prozesuaren hiru faseak (prestakuntza, jarduera-proba eta profesionalizazio lagundua), ALEKOk dituen baliabideak eta ibilbide horretara hurbildu eta parte hartu duten pertsonen profilak aurkeztu ziren.
Ondoren, tailer parte-hartzaile bat egin zen, SustainableStartup & Co enpresak dinamizatua. Bertan, bertaratutako pertsonen kanpo-begiradari esker, taldeak horrelako proiektu batek aurre egin beharreko oztopo eta zailtasunetan sakondu zuen, baita ibilbideari balioa ematen dioten indarguneetan ere. Dinamika amaitzeko, erakunde guztien arteko sinergiak bilatu ziren, nekazaritzako elikagaien lurraldekako sistema baterantz aurrera egiteko ahaleginak optimizatze aldera.
ALEKOren indargune gisa, honakoak nabarmendu ziren: sektorera hurbiltzeko ingurune babestu bat eskaintzea behin betiko instalazioa onartu aurretik, prestakuntza eskuragarria, ikaskuntza praktikoa, nekazaritzako ekosistemen aniztasuna, laguntza teknikoa eta prozesua beste pertsona batzuekin partekatzeko aukera. Egiturazko muga garrantzitsu gisa, honako hauek nabarmendu ziren: nekazaritza-probetara erabat egokitutako figura juridikorik ez izatea, proban zehar sostengu ekonomikoa edukitzea edo ez, materialak eta azpiegiturak finantzatzea, burokrazia, eredu agrologiko bakoitzerako lur egokirako sarbidea izatea eta prestakuntza fasearen eta lanean hastearen artean dagoen jauzia.
Goizari amaiera emateko, taldeak Basaldea zentroa bisitatu zuen. Bertan, baratzezaintza biointentsiboko prestakuntza-modulua garatzen da, Soilik kooperatibak emana. Bertako lursail bat bisitatu zen batez ere, bertan egiten baitituzte beren jarduera-probak ibilbidean parte hartu eta baratzezaintzan profesionalizatzea erabakitzen duten pertsonek.
CROPS4LIFE proiektua 2023ko irailean hasi zen eta 2028ko otsailean amaituko da, eta hari esker, esperientzia oso baliotsua lortu da azken hiru urteko ibilbidean, batez ere Gasteizen Nekazaritzako Test-Gunea abian jartzeari dagokionez. 2027an beste inork nekazaritza-ekologiako sektorean txertatzeko ibilbide honetan parte hartu nahi badu, izena emateko epea udazkenean irekiko da.
101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE
Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.