Albistea

Probatzaileen hirugarren promozioak hasi du jadanik beren prestakuntza ibilbidea ALEKO nekazaritza test gunean

Joan den otsailaren 2an hasi zen Gasteizko nekazaritza test gunea den ALEKOn probatzaileen (tester ere deitutakoen) hirugarren promoziorako prestakuntza ibilbidea. 2026ean zehar, bederatzi pertsona nekazaritza birsortzaileko hainbat maneiutan trebatuko dira, eta nekazaritza ekintzailetzako proiektuak egingo dituzte, sektorean profesionalizatzeko helburuarekin. Horrez gain, aurten ibilbidea hasten duten pertsonek eta aurreko bi urteetan egin zutenek beren esperientziak partekatu ahal izateko eta beren proiektuak sendotzeko espazio komunak sortuko dira.

Aurten, prestakuntza otsailetik ekainera egingo da, eta guztira 422 ordu emango dira hainbat modulutan banatuta. Honako gaiak irakatsiko dira: nekazaritza birsortzailearen oinarriak, baratzezaintza biointentsiboa, baratzezaintza estentsiboa eta lehorreko laboreak, frutagintza, abeltzaintza dibertsifikatua, basozaintza eta basoen kudeaketa, tresna txikien eta makinen eraikuntza, ekonomia sozial eta solidarioa, eta taldeen kudeaketa. Uztailetik azarora bitartean, probatzaileak praktikak egingo dituzte: beren proiektu profesionalak probatuko dituzte, profesionalizaziorako jauzia egin aurretik hura baliozkotu eta hobetzeko. Berrikuntza gisa, ikasturte honetan gaikako informazio modulu txikiak antolatuko dira, eta edozein pertsonak eman dezake izena, Gasteizko Udalaren kanalen bidez.

Prestakuntza teorikoa Olarizuko Etxaldean emango da ALEKOk Monasteriogurenen dituen finketatik gertu dagoelako. Prestakuntza praktikoa, berriz, gune horretan eta Basaldea nekazaritza ekologikoko enpresen hazitegian egingo da. Monasteriogurenen, ALEKOk hainbat lursail ditu nekazaritza eta laborantza estentsiboak, abeltzaintza dibertsifikatua, frutagintza eta baso kudeaketa probatzeko. Basaldean, aldiz, baratzezaintza biointentsiboko finka bat du. Prestakuntza Sustraiak Habitat Design eta Soilik kooperatibek emango dute, nekazaritzako erabilera horietan adituak baitira.

ALEKO nekazaritza test gunea Europar Batasunak kofinantzatzen duen CROPS4LIFE proiektuko piezetako bat da. Proiektuak horrek hainbat helburu ditu, hala nola nekazaritza birsortzailean oinarritutako nekazaritza ekoizpen modu berrien bideragarritasuna frogatzea, elikagai freskoen tokiko ekoizpena handitzea eta Gasteizko elikadura sistema deskarbonizatzea gobernantza formulen bidez.

101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE

Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.

Interesa dakizuke