Gasteizek Albarrio proiektuan parte hartuko du

Agroekologiaren aldeko Udalerrien Sareak, Daniel eta Nina Carasso Fundazioarekin batera, Vitoria-Gasteiz hautatu du Albarrio proiektuan parte hartzeko. Proiektuak elikadura osasungarri eta jasangarriaren ereduak sustatzen ditu, auzoetako konfiantzazko erreferenteen bidez. Bionekazaritza Nekazaritza Ekologikoaren Arabako Elkarteak aurkeztu du hautagaitza, Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren (IGI) laguntzarekin.
Albarrioren zutabeetako bat osasuna da, herritarren portaera-aldaketak eragiteko funtsezko palanka gisa. Bestea tokiko ekintzak sustatzea da, elikagai osasungarri eta jasangarrien eskaintzaren eta eskariaren arteko artikulazioa bultzatzeko.
Albarrioren ikuspegiaren arabera, lurralde bakoitzeko komunitateak eta bertako erreferenteek (osasun-zentroak, gizarte-etxeak, merkatuak, auzo-elkarteak, gizarte-zerbitzuak, liburutegiak, farmaziak, eskolak, tokiko GKEak, eta abar) elikadura hobetzera bideratutako aldaketa-prozesua zehazten eta hori bultzatzen parte hartzen dute.
Ereduak funtsezko hiru urratsetan jarduten du bi urtez: lehenik, komunitatearekin batera diseinatzea, haren beharrak ulertzeko; bigarrenik, tokiko erreferenteak prestatzea; eta, azkenik, erreferente horiek aktibatzea herritarrentzako inspirazio-iturri bihurtuko diren kanpainetan. Osasuna aldaketaren palanka gisa erabiliz, ekimenak elikagai jasangarrien eskaintza tokiko eskaerarekin lotzen du, pertsonei zein planetari mesede egiten dien zirkulu birtuosoa sortuz.
Gasteizen kasuan, Bionekazaritzak kudeatuko du Albarrio proiektua, eta Judimendi auzoaren inguruan oinarrituko da.
Albarrio proiektua dagoeneko abian dago Espainiako beste hiri batzuetan, hala nola Bartzelonan eta Zaragozan eta, Gasteizekin batera, Granadako Salobreña udalerrian ere ezarriko da.