Aitor Zulueta izango da Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko zuzendari berria
Tokiko Gobernu Batzordeak abuztuaren 3an izendatu zuen Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko (CEA) zuzendari Aitor Zulueta Telleria.
Arabako hiriburuko jasangarritasuna zaintzen lan egiten duen udal-erakundeko arduradun nagusi berriak bere ibilbide profesional guztia ingurumenarekin, hondakinen tratamenduarekin eta zoruen deskontaminazioarekin edo babestutako naturaguneen kudeaketarekin lotuta garatu du.
Azken urteok klima-aldaketaren kausak eta ondorioak aztertzen eman ditu batez ere. Europako Batzordearen Egokitzapen Misioarekin lotutako Horizon Europe programak finantzatutako bi berrikuntza-proiektu koordinatu ostean iritsiko da CEAra.
Aitor Zulueta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioako fakultatean Zientzia Geologikoetan lizentziatua da eta London School of Economics and Political Sciencek emandako MBA ziurtagiria du. Bere ibilbide profesionala enpresa pribatuan zein administrazio publikoan izandako ardura postu batzuekin osatu du.
1999 eta 2004 artean, Kantabriako Unibertsitateko Bideko Ingeniarien Eskolan irakasle elkartua izan zen eta, gerora, bere ibilbide profesionala aholkularitzara eta ingeniaritzara bideratu zuen.
2016an, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Kulturalaren eta Klima Aldaketaren zuzendari izendatu zuten. Horrez gain, IHOBE sozietate publikoaren presidenteordea eta Euskadiko Ingurumen Aholku Batzordeko eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuko idazkaria ere izan da besteak beste. Oraindik aurrera, beste etapa bati ekingo dio Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko arduradun gisa.
Aitor Zuluetak karguan Imanol Zabaleta ordezkatu du. Hura izan da CEAko zuzendaria 2020tik.