Gasteizko Udalak Agroekologiaren aldeko Udalen Sarean aurkeztu ditu bere elikadura proiektuak

Vitoria-Gasteizko Udalak, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bitartez, Agroekologiaren aldeko Udalen Sareak antolatutako mintegi batean aurkeztu ditu nekazaritzako elikagaien arloan dituen jarduera ildoak. Sareko bazkideei eta gaian interesa duten beste erakunde batzuei zuzendutako mintegi horretan, Vitoria-Gasteizek nabarmendu du bere helburu estrategikoa elikadura sistemaren ingurumen aztarna murriztea dela, hurbileko produktu freskoen tokiko kontsumoa handituz. Hori gauzatzeko, proiektu askok ekoizpen eta kontsumo zirkuitu laburrak sustatzen dituzte, agroekologiaren ikuspegitik.
Gasteizentzat, Sarean sartzeak beste udalerri eta mankomunitate batzuekin esperientziak trukatzea dakar, tokiko elikadura sistemei buruzko ezagutza berriak eskuratzea eta dirulaguntzen deialdien bidez baliabide ekonomikoak eskuratzea. Gaur egun, CEAk aktiboki hartzen du parte sareko bi taldetan: hirigintza eta elikadurako lantaldean eta duela gutxi sortutako laborantzako biodibertsitatearen lantaldean.
Mintegian azaldutako proiektuei dagokienez, gure aldetik Europar Batasunak kofinantzatutako CROPS4LIFE proiektua azaldu genuen. Ekoizpen eta kontsumo zirkuitu labur bat eratzeko proiektu pilotu gisa sortu da CROPS4LIFE. Dagoeneko gainditu du bere ekuatorea, eta lanean jarraitzen du sektorean ekintzailetza agroekologiko berriak sortzeko, Basaldea baratze enpresa ekologikoen udal hazitegiaren eta Monasteriogurenen dagoen ALEKO Nekazaritzako Test Gunearen bidez.
Horrez gain, dagoeneko finkatuta dauden beste proiektu batzuk nabarmendu dira, hala nola tokiko nekazaritza ekologikoa bultzatzeko Basaldea proiektua, tokiko baratze eta fruta barietateak berreskuratu eta kontserbatzeko proiektua (Euskadiko Hazien Sarearekin lankidetzan), eta Eguzkialdean elikadura osasungarri eta iraunkorra sustatzeko erreferente komunitarioak sortuko dituen ALBARRIO proiektua (Bionekazaritza elkartea buru duena). Autokontsumorako hiri baratze ekologikoen sarearen garrantzia ere aipatu da, bai eta Estatuko eta Europako sareetan parte hartzea ere, hala nola Milango Itunean, Nekazaritzako Test Espazioen Sarean edo Europako Hiri Agendako Elikaduraren Elkartean.
Etorkizunerako erronka gisa, Vitoria-Gasteizek honako hauek aipatu ditu: nekazaritzako elikagaien katearen zikloak ixtea, aziendarekin basoa kudeatzea, elikagaien erosketa publikoa, dieta osasungarriak sustatzea eta biztanleria kaltebera elikadura politiketan integratzea. Azkenik, Vitoria-Gasteizko Nekazaritzako Elikagaien Estrategia eguneratzeko prozesua nabarmendu da, 2024tik egiten ari dena, eta Ekintza Plan berri baten diseinua, 2026an amaituko dena.
Agroekologiaren aldeko Udalen Sarea Estatuko 38 toki erakundek osatzen dute, eta Gasteizek 2025ean egin zuen bat harekin. Bere helburua da tokiko erakundeen artean tokiko elikadura sistemak eraikitzeko dinamika bat sortzea. Horrela, ingurumena errespetatu nahi da, jasangarria izan, inklusiboa, erresilientea, segurua eta dibertsifikatua, janari osasungarria, jasangarria eta herritar guztientzako eskuragarria ziurtatu nahi da, eta tokiko enplegua sustatu, agroekologiaren eta elikadura subiranotasunaren ikuspegiekin bat etorriz.
101114329 LIFE 22-GIC-ES-CROPS4LIFE
Co-funded by the European Union. Views and opinions expressed are however those of the author(s) only and do not necessarily reflect those of the European Union or CINEA. Neither the European Union nor the granting authority can be held responsible for them.