Adopta ezazu zuhaitz bat eta haz zaitez berarekin' kanpainak hamargarren urteurrena betetzen du aurten
Kanpaina hau CEAk antolatu zuen ingurumen hezkuntzako lehen ekimen iraunkorra da. Ekimen honi esker, ikasle zein herritar askok 14.000 zuhaitz eta zuhaiska baino gehiago landatu dituzte Zabalganan, Armentian eta Salburuan.
Aurten Atxako parke berria hautatu da landatzea egiteko. Parke hau berriki sortu da eta etorkizunean Zadorrako parkea izango denaren barruan dago. Lehengoratu den arte, urte askoz gune hau hondakinez eta zaborrez estalita egon da.
Urtero bezala, kanpainak bi jomuga ditu: ikastetxeak eta herritar guztien multzoa. Oraingoan 18 ikastetxetako 1.000 ikasle baino gehiagok hartuko dute parte eskoletako kanpainan, eta jende orori zuzendutako kanpainan 2.000 ale banatzea espero da. Aurten udalerriko ibai eta erreken ertz eta uholde lautadetan ugariak ziren espezieak banatuko dira: haritza, espezie nagusi gisa, eta hariztiei loturiko hainbat espezie laguntzaile.
Landare banaketa abenduaren 22an egingo da, Plaza Berrian, dagoeneko ohitura bihurtu den Gabonetako nekazaritza azoka aprobetxatuz. Landareak goizez hamarrak eta ordu biak artean eta arratsaldez laurak eta zazpiak artean jaso ahal izango dira.
2006ko martxoaren 19an, igandez, Atxako parkera joateko txango bat prestatu da landareak Zadorra ibaiaren alboan landatu, babestu, ongarritu eta ureztatzeko. Egun honetan jolasak eta aisialdiko jarduerak antolatuko dira partehartzaile guztiontzat.