Abian jarri da Salburuako Hezeguneak Babesteko Plan berria
Plan hori Eusko Jaurlaritzako Uren Zuzendaritza eta Gasteizko Udala (Ingurugiro Saila eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegia) ari dira idazten. Helburu hauek ditu: naturgune baliotsu hori modu eraginkorrean babestuko dela ziurtatzea, eta, ahal den neurrian, 2002ko hidrokarburo isurketaren moduko hondamen larririk ez gertatzea.
Planak babes perimetro bat ezarri nahi du. Perimetro horren barruan, hainbat zona ezarriko dira, hezeguneek kutsadura jasateko duten arriskuaren arabera. Zona horietako bakoitzerako, jarduera baimenduak zein diren eta zein baldintzatan egin behar diren zehaztuko da. Lehendik egiten den eta inguruneari eragin diezaiokeen jarduerei dagokienez, inbentarioa eta arriskuen analisia egingo dira.
Planaren osagarri, bada ingurumena zaintzeko programa bat, aginpideak dituzten Administrazio guztien artean koordinatua; bai eta ekologia larrialdiko egoeretarako (isurketak, eta abar) ekintza plana ere. Gure autonomia erkidegoan lehenengo aldiz, hezegunearen babesa ez da mugatu hezegunearen inguruko lur zerrenda estu batera, baizik eta ekosistemari eragiten dion ingurune osorako kudeaketa eta babes neurriak aurkeztu dira. Horretarako, isurketa arroa kontzeptua erabili da.
Behin betiko dokumentua 2003ko udarako izango dela espero da.