Abian da jada 'Lagundu Batticaloari' proiektua, hasiera batean 75.000 ?-ko diru kopuru batekin
CEAk eta Municheko Udaleko Ingurumen Sailak Lagundu Batticaloari izeneko proiektua abian jarri dute, Sri Lankako hiri honetan itsasikarak kaltetu dituen lagunei laguntzeko. Proiektu honek Vitoria-Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak eta Caja Vital Kutxak ireki zuten eta milaka arabarren ekarpenak jaso zituen kontu korrontean bildutako 68.000 € kudeatuko ditu hasieran. Diru kopuru honi Zumaiako Baleike Kultur Elkarteak emandako 4.000 € eta martxoaren 6ko spinning maratoian jaso diren 2.700 € gehitu behar zaio. CEAk akordio bat egin du UN-Habitat Agentziarekin (Giza Asentamenduen Nazio Batuen Agentzia) diru hau tokian bertan kudeatu dezan, hasiera batean ondoko jarduerak abian jartzeko:
- Hondakinak kentzea eta sarbideak hobetzea
- Estolderia konpontzea
- Hustubideak berreraikitzea
- Jendea edateko uraz hornitzea
- Errepideak konpontzea
- Umeentzako aisialdi guneak berreraikitzea
- Lehen hezkuntzako ikastetxeak konpontzea
- Lehen hezkuntzako ikasleak eskolara itzul daitezen sustatzea: liburuak, uniformeak...
- Berreraikitzerako laguntza kartografikoa
Batticaloa, Sri Lankako ekialdeko kostaldean kokatuta dagoena, 2004ko abenduaren itsasikarak kaltetu zituen eskualdeen artean hondatuenetakoa izan da. Lehendik ere, Vitoria-Gasteizek loturak ditu Batticaloarekin, elkarlanean ari baitziren Europako Batasunak Asia ProECO programaren baitan finantzatutako MILES proiektuan. Proiektu honen xedea ingurumen alorreko lankidetza da, eta gure hiriak Munich hiriaz eta Sri Lankako Gobernuko Tokiko Administrazioko Institutuaz batera parte hartzen ari da.