Abenduan bertako landareak sustatu eta hedatzeko kanpaina berria hasiko da
Edozein erakundek, elkartek, taldek edo banakakok landareak jaso ahal izango ditu bertako landareen baso mintegian, Olarizuko baratzeetan, landareak doan eskainiz CEAk urtero antolatzen duen kanpainaren baitan.
Ekimen honen helburuak honako hauek dira:
- Ingurumenarekiko begirunea sustatzea landare espezie autoktono nagusien ezagutzaren bidez (identifikazioa, garrantzia eta erabilgarritasuna).
- Herritarrek ingurumenaren kontserbazio eta hobekuntzan parte har dezaten bultzatzea, landare autoktono hauekin ohianeztatze txikiak edo lorategi apainketak eginez.
- Landareak modu ekologikoan landatu eta zaintzeko tekniken inguruko oinarrizko ezagutza sustatzea.
Hasteko, jendeak eskaera orria bete eta landareak hautatu behar ditu. CEAk aholkularitza zerbitzu bat izango du landareen inguruko informazioa emateko: zein espezie botaniko erabil daitekeen, zein diren beren ezaugarriak eta landatu nahi diren tokirako egokiak diren ala ez. Honez gain, laborantza ekologikoari eta landatze teknikei buruzko azalpenak emango dira. Azkenik, eskatzaileak bere landareak jasoko ditu.
Kanpaina hau bertako landareen baso mintegian egingo da (Olarizuko baratzeetan), 2007ko abenduaren 3tik 2008ko otsailaren 29ra, Gabonetan eta jaiegunetan salbu. Landareak jasotzeko ordutegia astelehenetik ostiralera izango da, 16:00etatik 17:30era. Kanpainan parte hartzeko, hitzordua eskatu behar da aurretiaz azaroaren 26tik aurrera, 945 162696 telefonora deituz.
Urtero katalogo bat argitaratzen da ekimen honetan eskaintzen diren espezieen zerrendarekin. Katalogoa ondoko helbidetik deskargatu daiteke (PDF, 1 MB):
http://www.vitoria-gasteiz.org/anilloWeb/documentos/1595eu.pdf