eues

Albistea

50 familiak hartuko dute parte Etxe Berdeak programaren hirugarren edizioan

Gasteizko Udalak ‘Etxe Berdeak’ programaren hirugarren edizioa aurkeztu du; Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatzen du programa, Vital fundazioarekin batera eta Leroy Merlin enpresaren laguntzarekin. Beren eguneroko erabaki eta ohiturek ingurumenean eta gizartean duten eraginaz kezkatuta dauden familiei zuzendutako heziketa jarduera da, etxearen –eta ondorioz, hiriko ingurumenaren– kudeaketa arduratsuagora aldatzeko prozesuan laguntzeko xedez. “Ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzen dugu, aurrezteko neurrien eta jokabideen bitartez, eta erosketa etikoagoa eta ekologikoagoa egiten laguntzen dugu“, azaldu du Ingurumen zinegotzi eta CEAko lehendakari Iñaki Prusillak. “Keinu txikien bidez, hala nola kontsumo txikiko eta led teknologiako bonbillak instalatuz, ‘stand by’ posizioan dauden etxetresna elektrikoak itzaliz, etxeko tenperatura jaitsiz edo arropa- eta ontzi-garbigailuak egoki erabiliz, Gasteiz hobetzen lagundu dezakegu, eta European Green Capital gisa sendatzen jarraitu”, nabarmendu du zinegotziak.

Iñaki Prusillak zehaztu duenez, 2017an 50 familiak parte hartu ahalko dute programan, hau da, 2016an beste, baina lehen edizioan baino 25 gehiago. “Helburu nagusia ur- eta energia-kontsumoaren autokontrola sustatzea da, aurrezteko neurriak eta jokabideak txertatzea, ingurumen arazoekiko erantzukizun kolektiboa indartzea, eta, azken batean, Gasteizen izaera “berdea” areagotzea“, azaldu du. ‘Etxe Berdeak’ programa 2015ean sortu zen, eta urte hartan 25 familiak hartu zuten parte.

Vital fundazioaren zuzendari Josune Albizuk, berriz, erakunde horrek ekimenarekin hartutako konpromisoa azpimarratu du, eta “azken hamabost urteetan CEArekin izandako harreman estuari” eustearen aldeko apustua egin du. Lankidetza horren adibide dira “bi erakundeen artean antolatutako erakusketak, hitzaldiak, mendi-ibilerak, landaketa programak edo adinekoentzako jarduerak“, erantsi du. Jarrera ekologikoak sustatzeko, Vital fundazioak iazko edizioan parte hartu zuten hainbat familia saritu zituen; sariak hauek izan ziren: ingurumen-hezkuntzako landetxeak ezagutzeko bisitak eta menu ekologikoa eta iraunkorra duen jatetxe batean bazkaria.

Parte hartzen duten familiei etxeko kontsumoak aztertzeko hasierako auditoretza egingo zaie, eta aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute urtebetez; gainera, gaikako sei lantegi (energia, hondakinak, lorezaintza eta baratzezaintza, ura, mugikortasuna eta garraioa, eta kontsumo arduratsua) emango zaie. Ikasitakoa praktikatzeko aukera emango dieten tresna eta osagaien sorta ekologikoa ere jasoko dute. Parte hartu nahi duten herritarrek udalaren webgunean eman dezakete izena, doan. Posta elektronikoz (cea@vitoria-gasteiz.org) edo telefonoz ere (945 161616, 4950 luzapena) lortu daiteke informazio gehiago.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala