300 ikasle baino gehiagok bizikletaz ibiltzeko ikastaroa jasoko dute
Bizikleta mugikortasun alternatiba modura sustatu nahi den testuinguru batean, eta bizikleta bidezko zirkulazioa oinezkoentzako espazioek duten kalitatearekin bateragarria izan dadin lortu nahi denez, ahalegin handia egiten ari da udala bizikleten zirkulazioa haientzat espresuki prestatutako bideetara (bidegorrietara) eta galtzadara bidera dadin. Horrela, bizikletak espaloi, plaza eta oinezkoentzako gainerako guneetatik ibil daitezen saihestu nahi da, horrek arriskuan jartzen baititu oinezkoak eta toki horiek dituzten beste funtzio batzuk baldintzatzen baititu.
Hori dela eta, bi lerrotan ari gara lanean. Alde batetik, hiri osoan barrena bizikleta bidezko mugikortasuna artikulatuko dituen bidegorrien sare bat sortzen ari gara, eta trafikoa lasaitzen ari gara hiriko kale batzuetan (superetxadien barruetan) bizikletak seguru ibil daitezen galtzadatik, gainerako ibilgailuekin tokia partekatuz. Bestetik, hiriko txirrindularien prestakuntzan lanean ari gara, trafikoaren gainerako ibilgailu horiekin modu seguru eta arduratsuan ibiltzen ikasteko balioko dizkien ohitura eta trebeziak jaso ditzaten txirrindulariok.
Ikastetxeetan lan egitea erabaki da, bizikletaz mugitzen diren (edo etorkizunean egin dezaketen) haurrek prestakuntza egokia izan dezaten, trafikoaren gora-beherak baloratzen ikas dezaten eta haien eguneroko joan-etorriak diseinatzen ikas dezaten.
Ikastaroek 7 orduko iraupena izango dute eta bi egunetan garatuko dira. Lehen saioan ikasleek bizikletaren segurtasunari eta kontrolari lotutako ariketak egingo dituzte. Bigarren saioan ordu erdiko saio teoriko bat jasoko dute eta 3,5 ordu erabiliko dituzte kalean zirkulazio ariketak egiteko, trafikoko baldintza errealetan. Trafiko lasaituko kale batean hurrengoak ikasiko dituzte: ibilbide bat nola hasi eta amaitu, maniobrak seinalizatzen kaleko gainerako erabiltzaileek ikus ditzaten, aparkatuta dauden ibilgailuak nola aurreratu, bigarren mailako alboko kaleak nola gainditu, ezkerrera zein eskuinera nola biratu, eta oso garrantzitsua dena, zirkulazioaren gora-beherak nola interpretatu eta arriskuak baloratzen ikasi.