24 ikastetxetako ikasleek 2.800 proposamen baino gehiago egin dituzte Garapen Jasangarriko Helburuen azterketarako
Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako Gasteizko 24 ikastetxeetako ikasleek, guztira, 2.849 proposamen egin dituzte Garapen Jasangarriko Helburuen azterketarako. Ikasleen iritzia jakin ondoren, gaur Gorka Urtaran alkateari eta Ana Oregi alkateorde eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko lehendakariari aurkeztu zaizkien 24 proposamenak aukeratu dira.
Eskolako Agenda 2030en barruan dago (Eskolako Agenda 21en jarraipena) ekimena, eta helburu du garapen iraunkorrari lotutako gaiak tokiko ikuspegiarekin lantzea. Ikasturte honetan, aurreko ikasturtean landutako gai berari eutsi zaio: klima aldaketa.
Pandemiaren eraginez, lan metodologia egokitu behar izan da, eta plataforma digitalak erabiltzea sustatu da; website bat prestatu da, esaterako, baliabide didaktikoak ikastetxeekin partekatzeko. Halaber, ikasleen adinera eta jakite mailara egokitutako material didaktikoa eskaini da.
Honako proposamen hauek egin dituzte ikasleek, besteak beste: Zabalganen eta Eharin parke naturalak sortzea, 0 kilometroko tokiko produktuak kontsumitzea, ibaietara isurtzen diren hondakinak kontrolatzea, ura aurrezteko kanpainak egitea, enpresei pizgarriak ematea kontsumo ondasun birziklagarriak ekoizteko konpromisoa har dezaten, eta ekonomia eredu iraunkorren inguruan heztea gazteak.
NBEk 2015ean onetsi zuen Garapen Jasangarrirako Agenda 2030: pertsonen, planetaren, oparotasunaren, bakearen eta Garapen Iraunkorreko 17 helburuak lortzeko aliantzen aldeko munduko konpromiso bat. Gasteizko Udalak bat egin du ekimenarekin, eta, gizarte, kultura, enpresa, kirol, eta hezkuntza arloko Arabako ia 40 entitaterekin batera, Garapen Jasangarriaren Aldeko Arabako Aliantza 2030i atxiki zaio.
Orain, Udala aktiboki ari da lanean Agenda 2030 udal jardueraren eremu osoan txertatzeko, eta, gaur egun, Gasteiz Estatuko hirien artean buru doa Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari dagokionez.