Udako jardueren agenda aurkeztu dugu: 60 jarduera baino gehiago ditugu publiko guztientzat

Uda iristearekin batera, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak programazio berria aurkeztu du. Jarduerak ekainetik irailera Atarian eta Olarizuko Lorategi Botanikoan egingo dira. Erakusketak, hitzaldiak, lantegiak, ibilbide naturalistikoak, familiarentzako jarduerak eta abarrak izango ditugu.
Ataria
Atariak askotariko programazioa proposatu du, eta ‘Por la cuenca del Ebro’ erakusketaren azken txanparekin hasiko da. Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren mendeurrena dela-eta antolatu da erakusketa, eta uztailaren 12ra arte egongo da zabalik. Ekainaren amaieran, ‘Bi ilunabarren eguna’ ere iritsiko da. ‘Jakinaldia-Eklipsea’ programak sustatutako dibulgazio-instalazio da eta, panel infografikoen bidez, abuztuaren 12ko eguzki-eklipse osoa modu irisgarrian ulertzeko aukera emango du.
Udan, gainera, ‘Naturaleza y cultura: las montañas como fuente de inspiración’ erakusketa bisitatu ahal izango da. Poloniako Tatra Museoaren erakusketa da eta mendiko ekosistemetako paisaiaren, nortasun kulturalaren eta jasangarritasunaren arteko harremanari buruz hausnartzen du. Hiruhilekoari amaiera emateko, Carlos Marcoteren pintura-erakusketa, paisaia naturalaren irudikapena eta haren dimentsio kontenplatiboa ardatz dituena, izango da ikusgai.
Hitzaldi-zikloak astronomiarekin, elikadurarekin, bioaniztasunarekin eta ingurunearekiko harremanarekin lotutako gaiak jorratuko ditu. ‘Jakinaldia – Eklipsea’ ekimenaren barruan, adibidez, dibulgazio-saio batzuk egingo dira, Arabako Astronomia Elkartearekin batera antolatuta.
Programazioa osatzeko, topaketak egingo dira, hala nola ‘Vivir mirando la naturaleza: un proyecto de vida’, faunaren behaketan eta autosufizientzian oinarritua, edo ‘La verdad detrás de los lácteos y su impacto en el organismo’, elikadura- eta ongizate-ohiturei buruz hausnartzeko.
Tailerren artean, sormenarekin, ilustrazioarekin eta jasangarritasunarekin lotutako ekimenak nabarmentzen dira, hala nola ‘Realiza tu propio cuaderno de campo’, ‘Polinizarte’ edo ‘Complementos de plástico reciclado’. Mugikortasun jasangarriari lotutako proposamenek ere leku nabarmena izango dute, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan egingo diren bizikletaren oinarrizko mekanikari buruzko lantegiekin.
Udako ibilbide naturalistikoek Salburua eta Gasteizko mendiak ikuspegi desberdinetatik zeharkatzea ahalbidetuko dute: hegaztien behaketa, bizikletaz egindako ibilbideak, paisaiaren interpretazioa, tximeletak, gaueko fauna edo uretako biodibertsitatea. Gainera, ‘Bioabenturak’ ekimenak aurrera jarraituko du eta hiruhileko honetan habia-egile diren hegaztietan, hegazti limikoloetan, udako hegazti migratzaileetan eta hezeguneko uraren ibilbidean jarriko da arreta.
Familiei zuzendutako programazioak jolasa, sormena eta ingurune naturalaren aurkikuntza uztartzen dituzten proposamenak biltzen ditu. Tailer horietan, haurrek biodibertsitatea eta Ilargian inspiratutako jarduera artistikoak eta jolas librekoak ezagutuko dituzte.
Olarizuko Lorategi Botanikoa
Olarizuko Lorategi Botanikoko programazioaren ardatz nagusietako bat ‘Mehatxatutako haziak – Mikroskopioan zeharreko bidaia’ erakusketa izango da. Hain zuzen ere, erakusketa horren inguruan bisita gidatu berezia antolatu da Olarizun, lorategiko espazio adierazgarrienak ezagutzeko eta germoplasmaren bankuan (funtsezkoa da flora kontserbatzeko) barneratzeko. Esperientzia amaitzeko, erakusketan zehar ibilbidea egingo da, arriskuan dauden espezieen hazietara hurbilketa bisuala eta zientifikoa egiteko, haien ezagutzan sakontzeko audiogidan oinarrituta.
Beste proposamen nabarmenetako bat aire zabaleko udako zinema-zikloa da, Olarizuko Lorategi Botanikoaren inguru paregabean zinema eta ingurumena uztartzen dituena. Proposamen horren ardatza oroimenari, eraldaketari eta gizakiak ingurunean duen inpaktuari buruzko hausnarketa da, eta lorategia topagune kultural bihurtzen du. Bertan, ikus-entzunezko sorkuntzak naturarekin hitz egiten du.
Eguzki-eklipsea modu seguruan behatzeko argi-bisoreak eraikitzeko lantegia ere sartzen da programazioan. Jarduera horrek esperimentazioa, dibulgazio zientifikoa eta sormena uztartzen ditu. Lenteak eta material sinpleak erabiliz, parte-hartzaileek argiaren portaera ulertu eta kamera ilunaren printzipioan oinarritutako gailuak egin ahal izango dituzte, datozen urteetako fenomeno astronomiko garrantzitsuenetako batera hurbiltzeko.
Lorategiak, gainera, hirian duen presentzia handituko du, berdegune enblematikoetara bisita gidatuak eginez, hala nola Florida eta Arriagako parkeetara. Ibilbide horiek publiko guztientzako begirada botaniko irisgarria proposatzen dute, eta hiri-paisaia horien landare-aniztasuna eta bilakaera historikoa ezagutzeko aukera emango dute.
Programazioa osatzeko, sormenarekin eta ingurune naturalaren ezagutzarekin lotutako tailer praktikoak, jolasa eta ikaskuntza uztartzen dituzten familia-jarduerak, biodibertsitate landua ardatz duten erakusketa berriak eta proposamen parte-hartzaileak egingo dira, herritarrak lorategiaren beraren lanetan eta jarraipenean inplikatzera gonbidatzeko.
Jardueretan izena emateko epea ekainaren 26an irekiko da.