eues

Albistea

2016an hegazti akuatikoen 19 espezietako 292 bikotek egin dute habia Salburuan

Murgilari txikia

Aurten hegazti akuatikoen 19 espezietako 292 bikotek egin dute habia Salburuan eta kumeak aurrera atera dituzte. Zenbaki horiek jaitsiera txiki bat suposatzen dute aurreko urteko datuekin alderatuta; hala ere, kontuan izan behar da 2015eko datuek historiako onenak izan zirela hezeguneen leheneratzea hasi zenetik.

Aurtengo albiste nagusia da Betoñuko urmaelean koartzen kolonia bat egonkortu dela. Hainbat espeziek osatutako kolonia da, baina batez ere koartza hauskara da nagusi, 23 bikoterekin. Haiekin batera, koartzatxo txikiaren 5 bikote eta koartzatxo itzainaren 10 bikote izan dira. Azken espezie hori 2008an hasi zen Uribarri Ganboako urtegian habia egiten, eta koartzatxo txikia 2009an, eta biak Salburuko bisitari arrunt bilakatuta zeuden. Azkenik, 2015ean biek Salburuan habia egin zutela behatu zen eta 2016an berriro ugaldu da, bi espezieon bikoteen kopurua handituz gainera.

Koartzen kolonia osatuz, amiltxori arruntaren, amiltxori txikiaren eta koartza gorriaren bikote bana ere behatu da. Denek dute kontserbaziorako interes handia, batez ere amiltxori txikiak, Euskadi mailan "Arraro" gisa sailkatua baitago eta Salburuan EAE mailako ugaltze puntu bakarra baitauka. Habia egiten duten bikote bat eta bost bikote artean behatu izan dira urtearen arabera.

Zingira mirotzak, berriz, 2009. urtetik zuen Salburuan ugaltzen zen populazioa, bat edo bi bikotekoa urtearen arabera. EAEn "Arraro" gisa sailkatua dagoen hegazti harrapari horrek 2016an zoritxarrez ez du Salburuan habiarik egin.

Antzara hankagorrizta, bestalde, migrazioetan Araban aski arrunta den anatidoa da, baina oso bakana Iberiar penintsula osoa ugaltzaile gisa. Dirudienez, ugaltze gune egonkorra sortu du Salburuan. Hortaz, espeziearen banaketa geografikoa hedatu da Iberiar penintsulan, bai eta habia egiten duen populazioaren tamaina ere. Espezie honek Uribarri Ganboako urtegian ere egiten du habia 2013tik.

Basahatea, berriz, Salburuko espezierik arruntena da, baina 2012tik haren populazioak beheranzko joera du eta azken bi urteetan joera areagotu egin da. Espezieak datozen urteetan izango duen eboluzioa ikusi beharko da, baina ahate horietan 2014ko botulismoak izan zuen eragina kontuan hartuta, posible da populazio ugaltzailea kaltetuta egotea datozen kumetze sasoietarako.

Salburuan badaude mehatxatu gisa katalogatuak egon ez arren bakanak diren beste ahate espezie batzuk ere:

  • Murgilari mottodunak Salburuan du Espainia osoko ugaltze gune bakarra. Azken 17 urteetako 14tan behatu da espezie honen ugalketa, urtero 2 eta 5 bikote artekoena. 2016an, 2015ean bezala, goia jo eta 8 bikote izatera iritsi gara.
  • 2013tik Salburua da Euskadi mailan ahate mokozabalaren ugalketa ikusi duena. Ahate espezie hori ura iragaziz elikatzen da.
  • Aurrekoaz gain, Salburuan eskualde mailan urriak diren beste bi espezie ere ugaltzen dira: murgilari europarra eta ipar ahatea.

Datu horien arabera, azken hamar urteetan Salburua izan da, Euskadi mailan, hegazti akuatikoen komunitate handiena duen bigarren hezegunea, Uribarri Ganboako urtegiaren ondoren. Espezie kopuruari dagokionez, ez dago beste hezegunerik gurean bezainbeste hegazti akuatikok habia egiten dutenik.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala