2014ko mugikortasun inkestaren datuak: Vitoria-Gasteizen autoa gero eta gutxiago erabiltzen da eta bizikleta gero eta gehiago
> 2014ko mugikortasun inkestaren analisia
2014an zehar, CEAk Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko Garraioaren Ikerketa Zentroa den TRANSyT erakundearekin duen lankidetza hitzarmenaren baitan, mugikortasun inkesta bat gauzatu zen eta inkestako datuen analisi bat egin zen gasteiztarron desplazamendu ohiturak hobeto ezagutzeko eta haiei buruzko datu eguneratuak eskuratzeko. Lana gehien bat bizikleta bidezko mugikortasunari egon zen zuzenduta, horixe baita lankidetza hitzarmenaren lan eremua. Hala ere, beste mugikortasun modu batzuei buruzko informazioa ere jaso zen lanean.
Urtarrilaren 29an zenbait sari zozketatuko dira inkesta parte hartu zuten 4.200 lagunen artean.
Moduen banaketa
2011an egindako inkestan aldaketa somatu zen autoaren/motorraren erabilerari dagokionez, eta aldaketa hori baieztatu egin da 2014an: modu horien erabilera ehunekoak jaisten jarraitzen du eta joan-etorri guztien % 24 da egun. Unerik gorenean, joan-etorri guztien % 37 autoz/motorrez ziren. Bidaien kopuru osoari dagokionez, 2014an 8.000 bidaia gutxiago egon ziren modu horietan, 2011. urtearekin alderatuta.
Oinezkoen joan-etorrien ehunekoa egonkortu egin da. Lehenago gertatzen ari zen beherakada egonkortu da, eta joan-etorri guztien % 54 inguru oinez dira. Hala ere, desplazamenduen kopuru osoa begiratuta, mugitzeko modu horretan 50.000 bidaia gehiago egin ziren 2014an.
Bizikletaren erabilera, berriz, nabarmen hazi da 2011ko datuekin alderatuta, bai ehunekoetan bai kopuru absolutuan. Kontuan izan orduan ere asko igo zirela 2006. urtearekin konparatuta. Hortaz, XXI. mende osoan zehar izandago joera berretsi da. Azken 3 urteetan are gehiago hazi da bizikletaren erabilera.
Garraio publikoaren erabilera % 8 inguruan mantentzen da, ehunekoei dagokienez. 2006-2011 urteetan izan zuen gorakada, batez ere tranbia ezarri zelako eta autobus sarearen aldaketa eman zelako, apur bat moteldu da orain, eta 2014. urtera arte 5.000 joan-etorri gehiagotan igo dira kopuru absolutuak.
Laburbilduz, 2011rekin konparatuta, esan daiteke oinezkoen eta garraio publikoaren erabilera mantendu egin direla, eta lehen automobila erabiltzen zuten personen zati bat orain bizikleta erabiltzera igaro direla.
Oro har, desplazamendu aktiboak (alegia, ariketa fisikoa egitea eskatzen dutenak: oinez eta bizikletaz ibiltzea) igo egin dira, eta gainerakoak (autoa, motorra, etab.) jaitsi egin dira.
Mugikortasuna bizikletaz
Inkestan herritarrei galdetu zitzaien aurreko egunean nolako joan-etorriak egin zituzten, eta zein garraio modutan. Horietatik % 20 inguruk esan zuten bizikletaz gutxienez bidaia bat egin zutela. Datu hori populazio osoari estrapolatuz, esan daiteke 44.000 pertsona inguruk bizikleta erabili zutela inkestaren aurreko egunean. Guztira 127.000 bidaia zenbatu ziren bizikletaz egunero.
2006tik igotzen ari da bizikleta erabiltzen duten emakumeen ehunekoa: dagoeneko % 36 dira (2006an % 31 ziren).
Adinen araberako banaketari dagokionez, txirrindulari kopuruaren igoera batez ere gazteenen artean izan da (6-19 urte), eta adin horretako 15.490 lagun ziren 2014 bizikletaz zebiltzanak (2006an 1.092 ziren). 20-29 urtekoen artean, berriz, txirrindulari berrien sorrera motelagoa izan da. Hori izan daiteke adin tarte horretako txirrindulariak aitzindariak izan zirelako bizikleta erabiltzen, eta orain beste adin batzuetakoak direlako bizikleta erabiltzen animatzen direnak. 30-49 adin tartean txirrindularien igoera batez ere 2006-2011 tartean gertatu zen (gainerako adin tarteekin alderatuta) eta oraingo honetan igoera mantendu egiten da.
Inkestan txirrindularien jokabideari buruzko zenbait galdera ere egin zire. Bizikletaz ibiltzean espazio publikoa nola erabiltzen den galdetzean, bizikleta bideak eta galtzada erabiltzearen aldeko joera nabari da. 2011n txirrindularien % 43,8k esan bazuen batez ere oinezkoen esparruak (espaloiak, oinezkoan kaleak) erabiltzen zutela bizikletaz zirkulatzeko, 2014n % 28,30 zen gauza bera esan zutenak. Bestalde, bizikletak aparkatzeari dagokionez, hiriko altzariak gero eta gutxiago erabiltzen dira bizikleta lotzeko (% 16tik % 10era jaitsi da), kalean dauden aparkalekuen kopurua igotzen den heinean.