2014-2016 ikasturteetako Eskolako Agenda 21ek ikastetxeetako mugikortasun aktibo eta autonomoa izango du ardatz
Gazteek oinez zein bizikletaz modu seguruan mugi daitezen prestatzeko lantegiak, bizikleta egoera onean mantentzeko eta segurtasun gailuak erabiltzeko ikastaroak, familiek haien seme-alabei independentzia eta autonomia gehiago ematearen inguruan gogoeta egiteko ikastaroak eta beste hainbat egingo dira urtean zehar.
Harreman zuzena dago jarduera fisikoaren eta osasunaren artean. Hiri ereduak jarduera fisikoaren sustapena baldintzatzen du, bai hirigintzaren bidez, bai hiri mugikortasunerako hautatu diren konponbideen bidez, bai espazio publikoaren diseinuaren bidez.
Vitoria-Gasteizek mugikortasun jasangarriaren alorrean eta jarduera fisikoaren sustapenaren alorrean ebatzi behar duen erronketako bat behartutako mugikortasunari (lanera edo eskolara joateari) lotuta auto bidez egiten diren joan-etorriak murriztea da.
Haurrei lotuta, gure hirietakoak gero eta inaktiboagoak dira, eta horrez gain gero eta autonomia txikiagoa dute. Aldi berean, gero eta gutxiago mugitzen dira oinez. Gurasoek arriskuak somatzen dituzte motordun ibilgailuei eta herritarren segurtasunari lotuta, eta hori, etxean aisialdirako gero eta eskaintza handiagoa (bideojokoak, jostailuak, telebista, etab.) dagoela kontuan hartuta, haurren autonomia asko murriztu da eta haien hurbileko ingurunean gutxiago mugitzen dira, heldu baten begiradapean ez bada.
Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren testuinguruan, eta Franccesco Tonuccik "Haurren hiria" lanean ongi adierazi zituen eskubideetatik abiatuta -haurrek segurtasunez eta autonomoki gure hirietako kaleetan mugitzeko eskubidea dutela eta espazio publikoa aisialdirako berreskuratu behar dutela-, CEAk proposatu du datozen bi ikasturteetan Vitoria-Gasteizko Eskolako Agenda 21aren ardatza ikastetxeetara modu osasuntsu eta autonomoan egindako desplazamenduak izatea. Egitasmo horren bidez espazio publikoa eraldatu nahi da, hiriaren eta haurtzaroaren artean dagoen harremanaz dagoen pertzepzioa aldatu nahi da, gaztetxoak hezi nahi dira haien hurbileko ingurunea berraurki dezaten, eta haien autonomia murrizten duten oztopoak kendu nahi dira.
Jakina denez, haurrek eskolarako joan-etorrietan erabiltzen duten garraio moduaren hautaketa gurasoen beharren araberakoa da gehien bat. Horregatik, Eskolako Agenda 21aren markoan gurasoekin ere lan egitea funtsezkoa dela ikusi dugu, haien artean mugikortasun autonomo eta aktiboaren aldeko jarrera sustatzeko. Gurasoek ere ikus ditzaten oinez, bizikletaz edo patinez joateak dituen onurak: jarduera fisiko gehiago umeen artean, autoestimuaren hobekuntza, hariketa arduratsuaren sustapena, gazteen autodeterminazio gaitasunaren sustapena, auzoko harremanen hobekuntza, etab.
CEAk ikastetxeei eskaini dizkien lantegiek gogoeta sortu nahi dute hezkuntza komunitateetan gure hirietako haurrek duten autonomia urritasunaren inguruan eta eskola bideak abian jartzeak hura handitzeko ematen duten aukeraren inguruan, eta bestetik, ikasleak gaitzen dituzte eskolara modu autonomoan joan daitezen.
Eskolako Agenda 21 udalak sustatutako hezkuntza proiektu bat da, ikastatxeak eta hiria bera elkarri hurbiltzeko balio duena, tokiko ikuspegiak garatzea ahalbidetzen duena eta hezkuntza komunitatea udalaren jardueretan inplikatzea sustatzen duena. Ekimen honi esker, Gasteizek hiri eta lurralde eredu jarangarrirako bidean aurrera egin ahal izan du, alegia, bioaniztasuna eta natur ondarearekin begirune handiagoa duena, baliabideak (ura, energia, lehengaiak) eraginkortasun handiagoz kontsumitzen duena, hondakin gutxiago ekoizten duena eta elkartasun handiagokoa eta bizigarriagoa dena.