eues

Albistea

2013-2015 urte tartean gertaturiko oinezkoen eta txirrindularien istripuen azterlana argitaratu dugu

> Vitoria-Gasteizen 2013-2015 aldian izandako txirrindulari eta oinezkoen istripuen analisia

Gasteizko Udalak hirian 2013-2015 aldian mugikortasun aktiboarekin (bizikletak eta oinezkoak) lotuta izandako istripuak aztertzen dituen dokumentu bat ezagutarazi du argitaratu du Mugikortasun Iraunkorraren Foroan. Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak landu du txostena, zenbait hilabetez estatistikak eta Udaltzaingoaren atestatuak aztertu ondoren, eta 2008tik aurrerako datuak jaso ditu. Mugikortasun Iraunkorraren aldeko Herritar Foroak hurrengo bileretan aztertuko du agiria, Udalaren asmoa baita partaidetza-prozesu bat bideratzea irizpideak ezartze aldera, geroago Herritarren Segurtasunaren Sailak landu nahi duen bide-segurtasunerako planean kontuan hartzearren. Orobat, foroa mugikortasun elkargune gisa eratuko da, Gasteizko herritarren partaidetzako eredu berrira egokitzeko. Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana berrikusteko partaidetza-prozesua ere bideratuko du CEAk, udalerriaren errealitate fisiko, sozial eta ekonomiko berrira egokitzeko.

Azterlanak oinezkoen eta bizikleten istripuen analisi zabala egiten du. Alderdi hauek balioetsi dira: istripu-kopuruaren urteko eboluzioa, istripuen denbora-banaketa, istripua izan dutenen profila, istripua gertatu den lekua, tartean zeuden agenteak, leku-motak (galtzada, espaloia, oinezkoen pasabidea, oinezkoen alderdia…), inplikatutako ibilgailuak, inpaktuak, arrazoiak, trafiko lasaituko kaleetan edo oinezkoen alderdietan izandako istripuak, tranbiarekiko bizikidetza eta beste alderdi zenbakarri batzuk.

Udaleko adituen irakurketaren arabera, azterlanaren ondorio nagusia da mugikortasuna handitu egin dela hirian, batez ere aktiboa, eta oinezkoen eta bizikleten inplikazioa istripuetan espero zitekeena baino txikiagoa dela. Bistakoa denez, bizikleten ugaritasunak tirabirak sortu ditu trafikoaren gainerako protagonistekin.

Datu nabarmenena oinez eta bizikletaz egiten diren joan-etorrien kopurua da, azken hamarkadan hazkunde handia izan baitute. 2014ko Mugikortasun Inkestaren arabera, 508.828 joan-etorri egin zen oinez egunero; 2011n, 447.911 izan ziren, eta 2006an, 288.141 zenbatu ziren. Bizikletaz egindakoak ia 127.645 dira egunean; 2011an, berriz, 56.400 ziren, eta 2004an, 19.051. Motordun ibilgailuei dagokienez, 2011n 236.008 joan-etorri zenbatu ziren, eta 2014an, berriz, 228.321, hau da, beheranzko joera nabarmena.

Udalak ezagutarazi duen agiriaren arabera, 2015ean 373 istriputan egon zen bizikletaren bat inplikatuta. Hala ere, CEAk 2014an egindako Mugikortasun Inkestaren datuei erreparatuz gero, 2011tik bizikleta-istripuetan izandako hazkundea bizikleta-bidaien hazkundea baino txikiagoa da. 2011n, bizikleta-istripuen tasa 1.000 joan-etorriko 4,6 izan zen. 2014an, berriz, 2,7ra jaitsi zen.

Oinezkoen istripuen kopurua, berriz, egonkortu egin da. 2015ean orotara 173 harrapaketa erregistratu ziren Gasteizen. Aurreko kasuan bezala, jaitsi egin da tasa: 2011n 3,41 izan zen 10.000 joan-etorriko, eta 2014an, aldiz, 2,9ra jaitsi zen. 2009tik 2014ra bitartean, oinez egindako joan-etorriak 400.000 baino gutxiagotik 508.828ra igaro ziren.

Istripua izan duten pertsonen profilari dagokionez, alderdi aipagarrienetako bat da 2008tik 2015era istripuetan nahastutako txirrindulari gehienak gizonak zirela: % 74. Dena dela, emakumeek bizikleta gehiago erabili ahala istripuetan nahastutako emakumeen kopurua ere handitzen dela ikus daiteke. Gizonek eta emakumeek bizikletaz egiten dituzten joan-etorriei erreparatuz gero, ordea, mugikortasunean duten pisuari legokiokeena baino istripu gehiago dituzte gizonezkoek. Gauza bera gertatzen da harrapaketetan inplikatutako gidariei dagokienez. Izan ere, horietako % 80 gizonak dira. 10.000 gidariko harrapatze-tasa 7,5ekoa da gizonen artean eta 2,3koa emakumeen artean.

Bestetik, bizikleta istripuek sasoikotasun nabarmena dute, urtearen erdialdeko hilabeteetan gehiago erabiltzen baita. Nolanahi ere, ibilgailu hori hiri-mugikortasuneko alternatiba gisa sendotu ahala erabilera urte osora zabaltzen ari da.

Deigarria da oinezkoek lehentasuna duten eremuetan gertatzea bizikletekiko istripu gehien. Espazio horietatik bizikletaz gutxiago ibili ahala, ordea, badirudi kopuruak jaistera egiten duela. Gauza bera gertatzen da bizikletek galtzadan eta bizikleta zirkulaziorako erreserbatutako eremuetan dituzten istripuekin, espazio horien erabilera handiagoarekin lotuta baileudeke. Bizikletak eta motordun ibilgailuak nahastuta dauden istripuak dira ugarienak. Azken hiru urteetan, hala ere, % 70etik % 45era jaitsi dira.

Autoen eta bizikleten arteko istripuak leku hauetan gertatzen dira, kopuruaren araberako hurrenkeran: galtzada, bizikleta pasabideak eta bideak, oinezkoentzako pasabideak eta espaloiak. Bidegurutze eta oinezko zein bizikleta-pasabideetako lehentasuna ez errespetatzea da arrazoi nagusia. Deigarria da, halaber, zenbat istripu gertatzen den espaloietan autoen eta bizikleten artean, gehien bat ibilgailuen pasabideak direla kausa. Bizikletek eragindako harrapatzeak egonkortu egin dira, eta ezbeharren % 10 dira. Gehienak espaloietan eta oinezkoen alderdietan gertatzen dira.

Oinezkoen istripuei dagokienez, harrapatze-kopurua egonkorra izan da azken zazpi urteetan, baina istripu-tasa % 3,41etik % 2,9ra jaitsi da. Harrapaketa ohikoena motordun ibilgailuek eragindakoa da, eta arrazoi nagusia (% 43) gidariak oinezkoaren lehentasuna ez errespetatzea da. Oinezkoak galtzada behar ez bezala gurutzatzen duenean gertatzen diren istripuen kopurua ere handia da: % 28. Bizikleta eta oinezkoen arteko istripuak dagoeneko harrapatzeen % 20 dira, eta gehienak oinezkoek lehentasuna duten lekuetan gertatzen dira. Espaloi eta oinezkoen alderdietan gertatzen diren harrapatze gehienetan bizikleta bat dago tartean.

Harrapatzeetan izandako zaurien larritasunari dagokionez, istripuen % 13tan zauri larriak izan dituzte oinezkoek. Bizikletak tartean daudenean zauriak arinagoak dira, pronostiko larriko biktimak % 4 baitira.

Bicicletas circulando por la calle General Álava

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala