2010an hiriko kaleetako beste 3,5 kilometrotan eraiki dira bidegorriak
Bizikletentzako sarea osatuz doa. 2010ean zehar Enplegurako eta Tokiko Iraunkortasunerako Estatu Funtsaren laguntzak erabili dira bizikleta bideak sortzeko hainbat kaletan. Proiektu hauen helburu nagusia hiriaren erdialdeko konexioak hobetzea izan da. Ekintza hauek Bizikleta Mugikortasunerako Gida Planean aurreikusitakoaren arabera gauzatu dira.
Hain zuzen 2 bizikleta bide eratu dira, bata Andre Maria Zuriaren plaza Armentiarekin eta Gasteiz mendiekin lotzeko, gutxi gora-behera 3 kilometrokoa dena, eta beste Erdi Aroko hirigunea eta Pilar-Zaramaga aldeak lotzen dituena, 450 metrokoa.
Horietako lehena paseorako eta bizikletaz Armentiarantz joateko asko erabiltzen den ibilbidea da. Bizikletzentzako bidea modu batera edo bestera eraiki da kalearen ezaugarrien arabera. Oinezkoen joan-etorri gehiago dituzten tarteetan bizikleten bidea eta oinezkoena bereiztea erabaki da zoruan margoa erabiliz, oinezkoen eta txirrindularien artean gerta daitezkeen gatazkak gutxitzeko. Hala ere, zenbait puntutan kalea oso estua zenez, espazio partekatuak sortu behar izan dira. Frai Francisco Vitoria ibilbidean hasi eta Armentiaraino, berriz, bizikleten zirkulazioa galtzadara zuzendu da, ardatz hau osatzen duten kaleek trafiko intentsitate txikia baitute, bizikleta galtzadatik erosotasunez joateko bezain txikia. Tarte batzuetan, eta batez ere azken zatian malda oso handia den tokian, bizikleta lerro bat margotu da autoentzako lerroaren aldamenean, baina gainerako tarteetan galtzada osoa markatu da autoek eta bizikletek espazio partekatu modura erabil dezaten.
Bigarren bidegorriak Santo Domingo plaza eta Gasteizko Taldearen kalea lotzen ditu Arriagako atea, Molinuevoko parkea eta Santa Isabel kaleak erabiliz. Kasu honetan ere tratamendu berezia eman zaio tarte bakoitzari: oinezkoen gune partekatua, oinezkoen esparruan bereizitako bizikleta bidea, galtzada partekatua edo bizikleta lerroa galtzadan, kaleak puntu bakoitzean dituen ezaugarri eta neurri bereziak kontuan hartuta.
Bestalde, 2010ean zehar dagoeneko existitzen ziren hainbat bidegorrietan zorua hobetu da. Hain zuzen, Honduras kalean, Gasteiz hiribidean, Paraguai kalean, Micaela Portilla kalean eta Justo Velez de Elorriaga kalean egin dira hobekuntza hauek.