eues

Albistea

2007ko eraztun jartze kanpainak Salburuko hegaztien migrazio portaera hobeto ezagutzen lagundu du

2007ko eraztun jartze kanpaina

Abuztuan eta irailaren lehen hamabostaldian zehar ikerketa bat egin da udazkeneko migrazioetan Salburua erabiltzen duten hegazti txikiak aztertzeko. Ez da ikerketa hau egiten den lehen aldia, azken bost urteetan urtero-urtero egin baita. Jarduera honetan hegaztiak minik gabe harrapatzen dira sare bereziekin, identifikazio eraztun bat jartzen zaie eta zenbait datu fisiko hartzen dira (sexua, adina, etab.). Ondoren askatu egiten dira ingurune naturalean. Ikerketa hauei esker, hegaztien migrazio bideen ezagutza osatzen da, beren joan-etorrietarako garrantzitsuak diren tokiak identifikatzen dira, gazte eta helduen arteko erlazioa bezalako datu demografikoak ezagutzen dira, etab.

Aurten eraztun jartze kanpainak 30 jardunaldi iraun du, eta denbora horretan zehar 51 espezietako 4.452 ale harrapatu dira. Horietatik 529k gure taldearen eraztuna jarrita zeukaten jadanik, batzuk aurreko urteetan. Horrez gain, 18 hegaztik beste herrialde batzuetako eraztunak zeuzkaten (Belgika, Holanda, Suedia, Frantzia, Txekia eta Erresuma Batua). 12 alek Espainiako beste toki batzuetako eraztuna zeramaten.

Aurreko urteekin alderatuz, aurten askoz txori gehiago harrapatu da, gehien bat harrapaketa ahalegina handiagoa izan delako eta eraztun jartze guneak dibertsifikatu egin direlako. Kontuan izan behar da aurten Arkautiko urmaelean lan egin ahal izan dela; 2006an hori ezinezkoa izan zen, hegazti gripeak sortutako alarma indarrean baitzegoen eraztun jartze sasoian.

Bestalde, ur-benarrizaren harrapaketak (7 ale harrapatu dira) mantendu egin dira aurreko urteekin alderatuta, eta beraz, sendotu egin da iraungitze arrisku larrian dagoen hegazti honen migrazioa babesteko Salburua gune garrantzitsua dela dioen tesia.

Berriro ere, aurten boluntarioen parte hartzea sustatu da jarduera honetan. Espainiako toki askotatik etorritako 32 lagunen lana oso baliotsua izan da talde ikertzailearentzat. Jarduerak iraun duen denboran zehar pertsona hauek Otazuko etxe batean ostatatuta egon dira, eraztun jartzeko gunetik oso hurbil. Etxe hau Udaleko Erdu Agentziaren laguntzari esker erabili ahal izan da.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala