2005eko Hegaztien Mundu Egunaren balantzea
Urriaren 1 eta 2an CEAk, Naturaren Arabako Institutuak eta Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Paisaia Zerbitzuak Hegaztien Mundu Eguna ospatzeko hainbat jarduera antolatu zituzten.
CEAk urriaren 2rako Salburuko parkean bultzatu zituen jardueren artean, arrakastatsuenak hegaztien identifikazioa eta digiscoping tailerra izan ziren. Lehenean, bisitariak hegaztiak behatu ahal izan zituzten behatokietatik, eta bigarrenean, argazki digitalak atera ahal izan ziren teleskopioa erabiliz. Jarduera hauetan guztira 130 lagun bildu ziren eta 520 argazki atera ziren.
Argazkiak, siluetak eta txioak identifikatzeko lehiaketan 138 lagun ibili ziren, eta horietatik 20k 'Salburua, ura eta bizitza' liburua irabazi zuten.
Haurrentzako papiroflexia eta puzzle tailerrek ere harrera ona izan zuten, batez ere eskoletako taldeen eta familien aldetik.
Eraztunak jartzeko gunean 12 espezietako 70 hegaztiri jarri zitzaien eraztuna eta 42 txinbo kaskabeltz ale harrapatu ziren. Jarduera honek interes handia piztu zuen, normalean mukerrak diren hegaztiak hurbiletik ikusteko aukera eta umeek hegaztiok askatzeko aukera eduki baitzuten. Jarduera honen baitan hegaztien ezaugarri biologiko, ekologiko eta etologikoei buruzko azalpenak eman ziren.