eues

Albistea

16 ikastetxetako bostehun bat ikaslek mugikortasun aktibo eta autonomoaren aldeko konpromisoa erakutsi zuten irailaren 23an

Martxa Espainia plazan amaitu da eta han menifestu bat irakurri dute

Irteera Florida parketik Udalbatzako ordezkariak buruan direla

Mugikortasun aktibo eta autonomoaren aldeko konpromiso sendoa erakutsi zuten Gasteizko 16 ikastetxetako bostehun bat neska-mutilek, Udalak eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak antolatu zuten bizikleta-ibilaldian parte hartuz. Arabako hiriburuaren erdialdea gurutzatu zuen ibilaldiak, Autorik gabeko Mundu Egunean, 2015eko Mugikortasunaren Astearen baitan. Ikasturtean zehar Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleekin batera, ikastetxera joan-etorriak egiteko egunero bizikleta erabiltzen duten ikasle horiekin batera egin zuten ibilaldia Gorka Urtaran alkateak, hainbat udal ordezkarik eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek.

Florida parkeko kioskoaren ondotik abiatu zen ibilaldia goizeko 10:00etan, eta hainbat kaletan barrena joan zen: Senda ibilbidea, Korazonisten kalea, Nieves Cano kalea, Herrandarren kalea, Olagibel kalea, Judimendi hiribidea, Arana kalea, Bueno Monreal kalea, Antepara kalea, Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalea, Zerkabarren kalea, Diputazio kalea eta Andre Maria Zuriaren plaza, eta Plaza Berrian amaitu zen. Ikastetxeetan mugikortasun motorizatuaren inpaktu ekonomikoei, sozialei eta ingurumenaren eta lurraldearen gainekoei buruzko gogoeta kolektiboa bultzatuko zutela agindu zuten neska-mutil horiek, eskola-mugikortasunaren kultura berri bat sortze aldera, Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren baitan.

Ibilaldiaren bukaeran, ikastetxe horien bozeramaileek eta Gorka Urtaran alkateak Gasteizen iraunkortasun handiagoaren aldeko kontsentsu sozial eta politikoa dagoela azpimarratu zuten. Halaber, alkateak eskertu egin zuen Eskolako Agenda 21aren proiektuan parte hartzen ari diren 94.200 ikasleen eta irakasle, administrazio-langile eta udal teknikarien konpromisoa eta partaidetza. Alkateak gogorarazi zuen mugikortasun iraunkorraren eta jarduera fisikoaren sustapenaren alorretan hiriak duen erronka nagusietako bat lantokietara eta ikastetxeetara autoz egiten diren joan-etorrien kopuru handia murriztea dela.

Orobat adierazi zuen alkateak, Udalaren izenean, erronkari heldu eta haurrei kalea berreskuratzeko aukera emango dieten kultur aldaketak ahalbidetzeko konpromisoa, hirian barrena ibiltzerik izan dezaten, oinez nahiz bizikletaz, modu autonomo eta seguruan. Era berean, Eskola Agenda 21i eman beharreko laguntza emango diola adierazi zuen, eta Udalak proiektuari bere baliabide teknikoak eskainiko dizkiola.

2014ko urrian mugikortasun aktibo eta autonomoaren proiektuaren aldeko erakunde-adierazpena onetsi zuen udalbatzak. Era horretako joan-etorriak erraztuko dituen espazio publikoaren eredua sortzea erabaki zen orduan. Adierazpen hartan, Udalak konpromisoa hartu zuen ikastetxeekin elkarlanean jarduteko, elkarrekin diseinatzeko ikasleek ikastetxeetara oinez edo bizikletaz joan ahal izateko beharrezko diren konponbideak.

Hauek izan ziren ibilaldian parte hartu zuten ikastetxeak: San Martin LHI, Presentación de María, Eskolapioak, Inmaculada, Nazareth, Niño Jesús, Sagrado Corazón Carmelitas, San Prudencio, San Viator, Urkide, Virgen Niña, Francisco de Vitoria BHI, Miguel de Unamuno BHI, IPI Samaniego, Olabide Ikastola eta Egibide Institutua.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala