eues

Albistea

100 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte Gasteizen habia egiten duten hegaztien erroldetan 2023an

Hegazti baten argazkia

Hegaztiak biodibertsitatearen funtsezko elementua dira, bai duten eginkizun ekologikoagatik, bai bioadierazle eta espezie "aterki" gisa duten balioagatik, horien babespean baitago habitaten eta ekosistema osoen kontserbazioa. Alde horretatik, hegaztiak eremu babestuak mugatzeko bitarteko dira, eta haren presentziak habitaten babesean eta natura-ingurunearen kudeaketan eragiten du. Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da jakitea zein hegazti espezie dauden leku jakin batean. Egoera horretan, hegazti habiagileen atlasa tresna bikaina da behar hori betetzeko. Era berean, hegaztien ikusgarritasuna, ugaritasuna eta identifikatzeko erraztasuna dela eta, hegaztiak sentsibilizazio eta heziketarako tresna ezin hobeak dira. Hegaztien bidez, gure ingurumena ezagutzeko interesa eta hegaztien kontserbazioaren alde lan egitearen garrantzia txerta daitezke gizartean.

Europako hiriak beren lurraldean habiak egiten dituzten hegaztiei buruzko ezagutza zehatza lortzearen aldeko apustu garbia egiten ari dira. Izan ere, Europar Batasunak berak bi zuzentarau idatzi ditu natura-ondarearen babesaren zati handi bat izan daitezen eta horietako bat hegaztiei buruzkoa da: Hegaztien Zuzentaraua.

Vitoria-Gasteiz hegazti-espezie askoren habitata da, eta hala islatzen da "Gasteizko hegazti habiagileen atlasa" proiektuarekin lotuta aurkeztutako emaitzen memorian. Aranzadi Zientzia Elkartea buru duen herritarren zientzia-programa honek atlas bat egin nahi du 2022-2024 hirurtekoan, Vitoria-Gasteizen habiak egiten dituzten hegaztien banaketa espaziala zehatz-mehatz jasotzeko eta hegaztien ugaritasunari buruzko kalkulu zehatzak egiteko. Gainera, herritarren zientziaren alorreko proiektu bat da, eta herritarren parte-hartzea aktiboki sustatzen du 3 urte horietako lanean. Horrela sortutako informazioa erabilgarria da natura-ondarearen kudeatzaileentzat, biodibertsitate ornitikorako eremu "beroei" buruzko informazioa ematen baitu. Horrez gain, 1994an egindako lehen udal-atlasarekin alderatzeko aukera ematen du, eta horrela espezieen banaketan izandako aldaketak ezagutzen eta kuantifikatzen laguntzen du. Proiektuak herritarren kontzientziazioa hobetzen du, hegaztiak beren ingurumenean gozatzea ahalbidetzen baitu.

Iaz 101 pertsonak hartu zuten parte proiektu honetan. Udalerriaren geografia laukitan zatitu zen eta parte-hartzaileek horietako batean edo batzuetan egin zuen azterketa. Guztira 157 laukitan errolda kualitatiboak egiteko konpromisoa hartu zuten. Nabarmentzekoa da 2023an aurreko urtean baino ia 4 aldiz parte-hartzaile gehiago izan zirela, UPV/EHUko Ingurumen Zientzietako Graduko ikasleek erroldetan parte hartu zutelako. 157 lauki horietatik 154 laukiren datuak lortu eta baliozkotu ziren (3 pertsonak ez zituzten errolda osoak egin). 2023an egindako lauki-kopuruari 2022an baliozkotutako lauki-kopurua gehituta (119), momentuz 273 laukitarako errolda kualitatiboen datuak lortu ditugu. Horiek udalerri osoko laukien % 96,5 dira. 2023an egindako lanean 121 espezie hauteman ziren. Horietatik guztietatik, bat ez da baliozkotu, udalerrian ugaltzen ez delako (sai arrea). Guztira 120 espezie ugaltzaile gisa baliozkotu dira udalerrian, lauki bakoitzeko atlas-koderik handienarekin. Errolda kuantitatiboei dagokienez, 131 laukitan egin da. Errolda horiek 29 parte-hartzailek egin dituzte, errolda kualitatiboetako parte-hartzaile ere izan direnak. Errolda horietan 113 espezietako 8.077 banako zenbatu dira.

> Informazio gehiago

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala