Vitoria-Gasteizko Udalak Nejapako Udalarekin (El Salvador) sinatu duen lankidetza hitzarmen berrian CEAk ere parte hartuko du
2002. urtean Nejaparen lankidetzan aritzeko bide berriak irekitzeko aukera aztertu zen eta lankidetza hau gauzatzeko alternatiba desberdinak proposatu ziren. Honen ondorioz, hitzarmen berri bat sinatu da El Salvadorgo udalerri honen garapen sozioekonomiko egokia erraztuko duten proiektuak garatzeko.
Ingurugiro Gaietarako Ikastegia 1999. urtetik aurrera ari da parte hartzen, aholkulari tekniko gisa, Nejaparekin sinatu diren lankidetza proiektuetan. Urte horretan "Lurralde Antolamendua Nejapako (El Salvador) Udalerrian" proiektuari ekin zitzaion. Fase berri honetan beste proiektu bat jarri da abian: "Natur baliabideen leheneratze, kontserbazio eta babesa eta baso landaketen eta labore dibertsifikazioaren sustapena Nejapako udalean".
Azken proiektu honek landuko dituen alderdien artean, Nejaparen etorkizunerako interes handikoak izan daitezkeen batzuk daude, hala nola baso birlandaketak, nekazaritza ustiatze jasangarria, laboreen dibertsifikazioa, sexu berdintasuna edo ingurumen alorreko gaitze eta hezkuntza. Programaren xedeetako bat Champantepeque muinoko ingurumenaren hobekuntza eta ustiatze jasangarria sustatzea da, aipatu mendi hau egun oso narriaturik, bertako basoa larriki soildurik eta nekazaritzarako modu desordenatuan ustiaturik baitago. Nekazariak prestatuz, biztanleak ingurumen hezkuntzaren bidez kontzientziatuz eta oinarrizko azpiegiturak eraikiz, nekazaritza laboreen dibertsifikazioa, muinoaren pixkanakako oihaneztatzea eta natur baliabideen zentzuzko erabilera ezaugarritzat izango dituen egoerara iritsi nahi da.