Vitoria-Gasteizek bizikletak eta patineteak zenbatzen dituzten gailuak instalatu ditu hiriko hiru tokitan

Azken aldian, Gasteizko mugikortasun dinamikak eraldatzen ari dira mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (MPI), hala nola patinete elektrikoak, hiri mugikortasunaren eszenatokian sartzean. Aldaketak MPIen erabiltzaileen artean ari dira gertatzen, baina baita gainerako moduetan ere, eta modu aktibo eta jasangarrietan eragin handia izaten ari da, batez ere oinezkoen eta txirrindularien artean. Modu berri horien erabilerari buruzko ezagutza urria da oraindik, eta horrek zaildu egiten du erabaki sendoak hartzea. Horregatik, Gasteizko Udalak beharrezkotzat jo du esparru horretako ezagutza maila hobetzea, hirian, espazio publikoan eta mugikortasun sistema osoan izango dituen inplikazioak zehaztu ahal izateko.
2016an zenbagailu automatiko bat jarri zen Gasteiz hiribidean, bizikleten igarotzea erregistratzeko. Orain, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak ere bereizten dituzten hiru zenbagailu gehiago instalatu dira. Florida eta Herrandarren kalearen bidegurutzean, Juan de Garai eta Arriagako atearen bidegurutzean eta Micaela Portilla eta Luis Heinzen bidegurutzean jarri dira.
Zenbagailuek ibilgailu motaren arabera bereizitako datuak eskaintzen dituzte. Denbora tarteen arabera kontsulta daitezke datuak (egunen, asteen, hilabeteen eta urteen arabera banatutako datuak daude). Eguneroko baldintza meteorologikoei (prezipitazioa eta tenperatura) buruzko informazioa ere ematen da, egun bakoitzeko igarotze kopuruarekin alderatuta. Esteka honetan, adibidez, Herrandarren eta Floridaren arteko bidegurutzearen datu espezifikoak kontsulta daitezke.
Kokapena | Bizikletak | Patineteak |
---|---|---|
Juan Garai – Arriagako atea | 412.695 (% 75,9) | 131.179 (% 24,1) |
Micaela Portilla – Luis Heinz | 277.922 (% 85,2) | 48.340 (% 14,8) |
Herrandarrak – Florida | 264.023 (% 76,8) | 79.910 (% 23,2) |
Orain arte bildutako datu esanguratsuenetako bat zenbagailuetatik igarotzen diren ibilgailu pertsonalen ehunekoa da, txirrindularien kopuruarekin alderatuta.
Datuak kontsultatzeko web esteka:
https://vitoria-gasteiz.eco-counter.com/
Ibilgailu pertsonalen erabileraren bilakaera
CEA jadanik 2022an hasi zen eskuz zenbatzen Gasteizen zirkulatzen zuten MPIen kopurua, horrelako ibilgailuek hirian izaten ari ziren gorakada ikusita. 2022 eta 2023an hainbat zenbaketa egin ziren Gasteiz hiribideko bidegorrietako batean, eta patineteen ehunekoa gero eta handiagoa zela ikusi zen: % 13koa izan zen 2022an eta % 22ra igo zen 2023an. Zenbaketa horietan bertan ikusi zen bizikletaren erabiltzaileen % 42 emakumeak izan zirela. Aldiz, patineteen erabileran sexuen araberako banaketa parekatuagoa izan zen: % 47 izan ziren emakumeak.