Vitoria-Gasteizek bat egin du 2018ko Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astearekin
Vitoria-Gasteizko Udalak aurten ere bat egin du Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astearekin. Ekimena Europar Batasunak sustatzen du eta oraingoan 42 herrialdetako 2.000 hirik baino gehiagok hartuko dute parte “Mix & Move” (nahastu eta mugitu) lelopean. Helburua 1999an egin zen lehen edizioko bera da, alegia, herritarrak kontzientziatzea ibilgailu pribatuaren erabilera murrizteko eta jasangarriagoak diren mugikortasun moduak erabiltzeko, adibidez garraio publikoa eta bizikleta. Aurten, gainera, Gasteizen urteurren garrantzitsu batekin egiten du bat: 10 urte dira Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Plana (MIEEP) onartu zela. Hain zuzen, Plana izango da aste horretako jardueren ardatz nagusia.
Planari lotuta, 'Bai, igoko naiz + 10' erakusketa eratu da eta Loma jeneralaren plazan egongo da kokatuta astean zehar. Erakusketan ikusi ahal izango da hiriko mugikortasunak izan duen aldaketa. Gasteizko zenbait kaleren lehengo eta oraingo itxura erakusten duten argazkiz osaturik egongo da, eta 2008tik mugikortasun moduetan izan den aldaketa adierazten duten datuak ere emango dira. Horrez gain, zuzenean aldaketa horiek bizi izan duten zenbait gasteiztarraren iritzia azalduko da. Sare sozialetan zabalduko diren zenbait bideotan herritar horiek duten iritzia modu luzeagoan ikusi ahal izango da.
Irailaren 18an, asteartean, lanerako mugikortasunak izango du fokua. Udalerriko enpresetara lanera joateko mugikortasun modu jasangarriak sustatzeko proba pilotu bati ekingo zaio. AyB laborategietako 7 langile udalak utzitako bizikleta elektrikoz joango dira lanera, eta bere esperientziak udal webgunearen bidez partekatuko dituzte.
Irailaren 19an ikasleen txanda izango da. Judimendi ikastetxeko ikasleek gymkana berezi bat egingo dute: garraio modu desberdinak konbinatu beharko dituzte Andre Maria Zuriaren plazaraino iristeko. Jardueraren xedea da txikienek garraio publikoaren aukera anitzak ezagutu ditzaten, eta intermodalitatea erabilita haiek konbinatu ditzaten.
Irailaren 20an, UPV-EHUk Araban duen campusarekin elkarlanean, “Why We Cycle” film herbeheretarra eskainiko da unibertsitate pabiloian. Aditu multzo batek Herbehereek duten bizikleta kultura aztertuko dute. Proiekzioaren aurretik bizikleta konpondu eta doitzeko lantegi bat egingo da eta, ondoren, elkarrizketa bat izango da udal teknikariekin, Gasteizko egoera analizatzeko.
Irailaren 21ean udari agur esateko antolatu den bizikleta bidezko gaueko martxa izango da. 20:00etan hasiko da Florida parkean eta Tornay medikuaren kalean amaituko da. Izena ematea udal webgunean edo gizarte etxeetan egin daiteke.
Nire Autorik Gabeko Eguna
Mugikortasun Iraunkorraren Europar Astearen ekitaldi nagusia larunbatean, irailaren 22an, izango da. Nire Autorik Gabeko Eguna ospatuko da Judimendin. Aurreko urteetan bezala, Udalak Judimendin superetxadi bat sortzeko dagoen proiektu bat, auzokideekin adostu dena, probatuko du Tornay medikuaren kalean. Kale hori Judimendiko superetxadiaren ardatz nagusia izango da. Kalea jarduerez beteko da goiz osoan zehar, lehen autoek betetzen zuten tokia pertsonentzat berreskuratzeak dakartzan onurak erakusteko.