eues

Albistea

Udalak luzatu egin du industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkestari erantzuteko epea; 142 enpresatako 2.244 pertsonak erantzun dute jada

Motorrak, bizikletak eta autoak Michelingo aparkalekuan

> Planari buruzko informazioa

Gasteizko Udalak erabaki du otsailaren 15era arte luzatzea industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkestari erantzuteko epea, langile eta enpresa gehiagori aukera emateko lanerako mugikortasuneko beren ohiturak azaltzeko. Gaur egun arte, 2.244 pertsonak eta 142 enpresak erantzun dute, eta parte-hartzaile guztien artean zozketatu da lehenengo bizikleta elektriko tolesgarria; Sergio Iglesias Mercedes Benzeko langilea izan da irabazlea. Kasualitatez, Sergiok garraiobide hori erabili ohi du lantokira joateko.

Gasteizko Udaleko alkateorde Maider Etxebarriak eta Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok eman diote gaur bizikleta elektrikoa zozketaren irabazleari, eta iragarri dute beste bizikleta elektriko tolesgarri baten zozketan sartuko direla bigarren txanda honetan mugikortasunari buruzko inkestari erantzuten diotenak. “Eskerrak eman nahi dizkiegu orain arte inkesta bete duten pertsona eta enpresa guztiei. Oso datu garrantzitsuak ematen ari zaizkigu gure industrialdeetako mugikortasun iraunkorrerako planari heltzeko. Hain zuzen ere, langile eta enpresa gehiagok beren mugikortasunaren benetako irudia erakusteko aukera izan dezaten erabaki dugu inkestari erantzuteko epea handitzea. Inkesta horien bidez benetako datuetan oinarrituta elkarlanean landu ahal izango dugu lanerako mugikortasuna”, azpimarratu du Gasteizko Udalak. Udalaren webgunean dago inkesta, bertan erantzun ahal izateko.

Gasteizko industrialdeetarako mugikortasunari buruzko inkesta tresna nagusietako bat da haietarako mugikortasun iraunkorraren plan bat egiteko; egunero, 37.000 pertsona baino gehiago joaten dira hiriko industrialdeetara. Udalerriko industrialdeez gain (haren barruan dago Arabako Teknologia Parkea), Gasteizekin harreman estua duten gertuko beste bi poligono ere hartzen ditu galdetegiaren lan-eremuak: Goiain eta Subillabide. Bi inprimaki-eredu daude: bata langileei zuzendua, eta bestea, enpresei. Dagoeneko erantzun duten 140 enpresa baino gehiagotatik, zortzik baino ez dute adierazi mugikortasun plan bat eginda dutela; horrek argi erakusten du alderdi horretan sakontzeko beharra dagoela; izan ere, Klima Aldaketari buruzko Euskal Legeak mugikortasun-plan propio bat abian izatea eskatzen die plantillan 100 pertsona baino gehiago dituzten enpresa guztiei.

Inkestei erantzuteko epea amaitutakoan, Udalak lortutako emaitzak aztertuko ditu, abiapuntu bat proposatzeko, zeinetik abiatuta gainerako eragilerekin batera lan egingo baitu hiriko industrialdeetarako Mugikortasun Iraunkorreko Plana sortzeko.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala