Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Foru Aldundiak Gasteizko sorbeltz arruntaren lehen errolda koordinatu dute

Sorbeltz arruntak nahiko ohikoak dira Araban. Udan erraz ikus daitezke sorbeltz taldeak hegan, baina ez dakigu zein den haien populazioen benetako egoera, non ugaltzen diren eta populatzeko zer joera duten.
Zenbait faktorek, hala nola nekazaritza intentsiboak eta landa inguruneetan pestizidak erabiltzeak, airean ibiltzen diren intsektu eta ornogabeen populazioak pixkanaka desagertzea dakar, eta hori da haien elikagai bakarra. Horri klima aldaketa eta berotze globala gehitu behar zaizkio, zeinek tenperatura igotzea eta lurzoruan hezetasunik ez izatea eragiten baitute. Horrek intsektu askoren lurpeko larbei eragin diezaieke, eta, beraz, baita sorbeltzaren baliabide trofikoei ere, eta horrek larriki zailtzen du kumeek bizirik irautea.
Parametro horiek hobeto ezagutzea da Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Aldundiak abian jarritako Gasteizko sorbeltz arruntaren populazioen jarraipen programaren helburua. Egibide Jesús Obrero prestakuntza zentroko Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko goi mailako lanbide heziketako lehen mailako ikasleek egin dute lan hori, nahitaezko prestakuntza egonaldien barruan.
Azterketa lan horretatik, ekainean egindako lehenengo jarraipen urte honetako emaitzak lortu dira. Oso positiboak izan dira, eta Arabako hiriburuko eta gertuko herrietako sorbeltzaren egoeraren lehen irudia ematen digute. Guztira 59 umatze eremu detektatu dira, eta normalean haietako bakoitzak habia bat baino gehiago izaten du.
Alde Zaharrean, Judimendin eta Adurtzan daude habien ia erdiak, eta landa eremuan ia bosten bat. Habiak egiteko eremurik ohikoenak eraikinetako zulo txikiak eta teilapeetako guneak izaten dira. Bitxikeria gisa, Arabako Natura Institutuak hainbat habia kutxa jarri ditu Elizbarrutiko Mintegian sorbeltzetarako, eta haietako 9 okupatu dituzte aurten.
Foru Aldundiaren eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren asmoa esperientzia hori urtero errepikatzea da, habien mapa osatzeko eta etorkizunean hegazti hori monitorizatzen joateko.