Herrandarren kaleko hiri konektorea birnaturalizatzeko lanen segimendua
Hasiera: 2022 - Amaiera: 2026
Eremua: Tokikoa
Zertan datza?
LOS HERRÁN BERRIA proiektuak Herrandarren kaleko lanak baliatuko ditu Vitoria-Gasteizko Hiri Azpiegitura Berdea indartzeko. Lokailu berde bihurtuko da kalea, hiriko biodibertsitatea eta ekosistema zerbitzuak indartuz.
Proiektuak lurzoru zati handi batean asfaltua kentzea planteatu du, oinezkoentzako pasealeku berde bat eta aisialdirako pasealeku bat sortzeko. Besteak beste, zuhaitzak eta zuhaixka heskaiak landatuko dira, aisialdirako eta atsedenerako guneak egokituko dira eta uraren kudeaketa hobetzeko drainatze jasangarriko hiri sistemak ezarriko dira (urmaelak, zoladura iragazkorrak, etab.).
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioak diruz lagundu du. Espainiako hirien birnaturalizazio eta erresilientzia jarduerak sustatzeko sortu den Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan eskuratu da laguntza hori.
Adierazle sistema bat definitu da proiektuaren segimendua egiteko. Herrandarren kalearen eta bere ingurunearen ingurumen eta gizarte egoera aztertuko da adierazle horiekin, bai esku-hartzearen aurretik eta baita ondoren ere.
2023an eta 2024an lanak hasi aurreko egoeraren azterketa egin zen. Giza osasunari gehien eragiten dioten parametroak aztertzeko, Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuaren laguntza teknikoa izan zen, bai eta Egibideko Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko Goi Mailako Heziketa Zikloko 1. mailako ikasleena ere. Ikasleek airearen kalitatearen, zarataren, tenperaturaren eta hezetasunaren neurketak egin zituzten, espazioaren erabilerak behatu zituzten eta espazioaren pertzepzioari buruzko inkestak egin zituzten.
Proiektua gauzatu ondoren adierazleen azken neurketa egingo da. Emaitzak alderatuz, ingurumen kalitatea, espazioaren erabilera eta pertsonen osasuna nola hobetu den ezagutu nahi da horrela.