eues

Albistea

PhytoSUDOE proiektuaren udako ikastaroaren bigarren urteak 36 ikasle izan ditu

Cultivos Energéticos y Fitogestión en un Modelo de Economía Circular ikastaroa Euskal Herriko Unibertsitatearekin antolatu zuen CEAk elkarlanean, eta uztailaren 13an eta 14an egin zen. Eskainitako ia toki guztiak bete ziren, 36 izan baitziren izena eman zuten ikasleak. Goi mailako topaketa zientifiko eta teknikoa osatu zen egun horietan.

Ikastaroan alor askotako pertsonak hartu zuten parte: ikerketaren mundukoak (NEIKER, UPV/EHU, beste unibertsitate batzuk), administraziokoak (Eusko Jaurlaritza, IHOBE), enpresa pribatuetakoak eta autonomoak (Basoinsa, Edafotec, Ecos, Luar), bai eta elkartekoak eta kooperatibetakoak ere (Zero Zabor, Sustraiak). Horrez gain, zenbait hedabidek ikastaroaren berri eman zuten.

Hizlariak Espainiakoak, Erresuma Batukoak, Frantziakoak eta Belgikakoak izan ziren. Hitzaldiek ikastaroaren gaiari buruzko hainbat alderdi azaldu zituzten. Hasteko, fitoerremediazioa darabiltzen eta biomasa balioztatzen duten zenbait proiekturen berri eman zen: Andrew Cundyk (Southamptoneko Unibertsitatekoa), Michel Chalotek (Bourgogne Franche-Comtéko Unibertsitatekoa) eta Rocio Millánek (CIEMAT) Erresuma Batua, Frantzia eta Espainiako kasuak azaldu zituzten. Basogintza-artzaintzako aprobetxamendu sistemak aurkeztu zituen Santiago Konpostelako Unibertsitateko Maria Rosa Mosquerak. Tom Kuppens (Hasselteko Unibertsitatea), Aser García (NEIKER) eta Amaya Arteche (TECNALIA) ikerlariek, berriz, fitoerremediazioan eraginkorra izan eta etekin ekonomikoa nola atera azaldu zuten. Azkenik, ekonomia zirkularreko estrategiak eta adibideak aurkeztu zituzten, bi hitzalditan, IHOBEko Iñaki Susaetak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Natxo Irigoyenek.

Amaitzeko, nabarmentzekoa da ikastaroaren bigarren egunean egin zen landa bisitan izan zen parte-hartze handia. Bertan, PhytoSUDOE proiektuko tokiko bazkideek proiektua aurkeztu zuten eta orain arte egin den lana azaldu zieten ikasleei, in situ, Jundiz inguruan.

Ikastaroaren balorazioa egitean, emaitza oso positiboa da, eta amaitu zenetik, datorren urtean egingo den hirugarren eta azken ikastaroa prestatzen hasi dira PhytoSUDOE proiektuko bazkideak.

Landa bisita

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala