Olarizuko etxaldean bizikletak alokatzeko zerbitzu berria jarri da martxan
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren Sailak sustatuta, Gasteizko Udalak bizikletak alokatzeko zerbitzu berria jarri du abian Olarizuko etxaldean. Horri esker, bisitariek bizikleta arruntak edo elektrikoak alokatu ahalko dituzte Gasteiz ezagutzeko. Gainera, Eraztun Berdean eta hiri inguruko beste parke batzuetan bisita gidatuak egiteko aukera ere izango dute. Paseoko bizikletak, mendi bizikletak, bizikleta elektrikoak, tandemak, haurrentzako ibilgailuak eta beste alokatu ahalko dira.
Zerbitzu horren bitartez, bisitariak Eraztun Berdera, Olarizuko lorategi botanikora eta Arabako bide berdeen sarera hurbildu ahalko dira. Bizikletak alokatzeko zerbitzuak urrira arte iraungo du, oraingoz. Udalaren eta Capital Bikes enpresaren arteko lankidetzari esker, bestetik, Olarizuko etxaldean momentuan publikoari itxita zeuden erakusketa-aretoa eta komunak egokitu eta ireki dira.