eues

Albistea

Olarizuko eta Zabalganeko parkeetan baso-igel jauzkariaren bi populazio berri topatu dituzte

Rana dalmatina

Gasteizko Udaleko Eraztun Berdearen Unitateak baso-igel jauzkariaren bi populazio berri hauteman ditu Olarizuko eta Zabalganeko parkeetan, eta, hala, Eraztun Berdearen beste bi tokitara hedatu da animaliaren presentzia. Lehenengo kasuan, errunaldi bakarra hauteman dute, beraz, populazioa oso txikia izango da eta mehatxatua egongo da ziurrenik. Aldiz, Zabalganan, 21 errunaldi topatu dituzte parkearen iparraldean dauden urmaeletan, hortaz, inguru horretan baso-igel jauzkariaren populazio handia dagoela uste du unitateak.

Udalerrian bost populazio zeuden orain arte: Gasteizko mendatean eta Gaztelu inguruan; Gasteizko Mendietan Aberasturi inguruan; Zerio, Argandoña eta Askartzaren arteko Lautadako hariztietan, Salburuko hezeguneetan eta Zadorra ibaian, Eskalmendi zatian.

Baso-igel jauzkaria da gure anfibiorik mehatxatuenetako bat. Kolore nabarreko igela da, tamaina ertaina du eta, izenak dioen moduan, jauzi ikusgarriak egiten ditu. Bi metrora ere hel daitezke, atzeko hanka oso luzeak baititu. Espeziea Europa erdialdetik dator eta Iberiar Penintsulan Euskadin eta Nafarroan soilik aurki daiteke. Araban, Araian, Gorbeialdean, Izki-Arabako Mendialdean eta Arabako Lautadan daude populazio nagusiak.

Bere habitat naturala hariztiak dira, eta hezeguneen beharra du ugaldu ahal izateko. Gainera, urmael guztiak ez zaizkio baliagarriak; sakonak eta uretako landaredia dutenak hautatu ohi ditu. Euskadiko harizti gehienak moztu dituztela eta urmael natural asko lehortu egin direla kontuan izanik, baso-igel jauzkaria espezie mehatxatua izatera igaro da. Egun, Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan “Zaurgarri” gisa dago sailkatuta, “Desagertzeko Arriskuan” izendatu aurreko kategorian.

Oso espezie sotila da eta zaila da hautematen heldua denean, ugaltzeko hezeguneetara joaten denetan izan ezik. Hori negu amaieran gertatzen da, otsailean eta martxoan, eta une horretan, zer-nolako populazioa dagoen kalkula daiteke urmael bakoitzeko errunaldiak zenbatuta. Jarraipen-metodologia hori da populazioen kontserbazio-egoera ebaluatzeko egokiena eta, hain zuzen ere, metodologia hori erabiltzen du Gasteizko Udaleko Eraztun Berdearen eta Biodibertsitatearen Unitateak 2011tik.

2011n 435 ale izatetik 2022an 1.500 baino gehiago izatera

Gasteizko udalerri osoari dagokionez, badirudi espezie horren populazioaren joera hazten ari dela hamarkada honetan (Zadorran izan ezik), 2011n 132 errunaldi hauteman baitzituzten eta 2022an 462, hau da, hirukoitza baino gehiago. Udalerrian dagoen gutxieneko populazioa 435 ale izatetik 1.500 izatera igaro dela uste dute, 2011tik 2022ra. Gainera, aurten Olarizun eta Zabalganan gertatu den moduan, espeziearen bizileku berriak hautematen jarraitzen dute (2022an 17 hezegunetan zeuden arrautzak eta 2011n 7tan). Badirudi ingurune batzuetan ezarri diren kontserbazio-neurriek (hezeguneak berritzea, urmaeletatik sastrakak kentzea, espezie inbaditzaileak kanporatzea, etab.) populazioen hobekuntza ekarri dutela.

“Berri on hauek ezin gaituzte mehatxatutako espezie honen errealitatek desbideratu: populazioak oso txikiak dira oraindik ere eta, oro har, isolatuta daude haien artean, beraz, oso zaurgarriak dira. Horregatik, populazioak hobetu eta kontserbatzeko neurriak ezartzen jarraitu behar dugu. Arrazoi hori dela eta, Gasteizko udalak baso-igel jauzkariaren kudeaketarako tokiko plana garatu du, eta datozen urteetan egiteko hainbat jarduketa planteatu ditu”, nabarmendu du César Fernández de Landa Ingurumen Plangintza eta Kudeaketarako zinegotziak.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala