Materialen zirkulartasuna bultzatuko da Zaramagako ekobirgaitze-proiektuan
Zaramaga auzoa auzoaren gaztetze garrantzitsua eragingo duen birgaitze proiektu batean murgilduta dago. 12 talde tekniko ari dira lanean birgaitze sakoneko proiektuak idazten 24 bizitegi-eraikinetarako. Guztira 358 etxebizitzak jasoko dituzte proiektu horien onurak.
Helburua da etxebizitza horien portaera energetikoa hobetzea, eta horretarako, fatxadak eta estalkiak isolatuko dira, lehendik dauden ur bero sanitarioko eta berokuntzako sistemak ordeztuko dira, energia berriztagarrietan eta/edo eraginkortasun energetiko handiko sistemetan oinarritutako sistema berriak txertatuko dira, eta barneko aireztapen-sistema bat gehituko da beroa berreskuratzeko; aldi berean, kasu batzuetan, irisgarritasuna hobetuko da igogailuak jarriz.
Eusko Jaurlaritza eta Gasteizko Udala dira energia-birgaikuntzako proiektu handinahi horren sustatzaileak, eta bi administrazioek materialen zirkulartasun-irizpideak integratzearen alde egin dute.
Ekonomia zirkularra eta eraikinen birgaitzea elkarri lotuta daude, biek iraunkortasuna eta baliabideen optimizazioa baitute ardatz. Ekonomia zirkularrak "erauzi, fabrikatu, erabili eta baztertzea" ardatz duen eredu lineal tradizionala hautsi nahi du, eta produktuak eta materialak ahalik eta denbora luzeenean zirkulazioan mantentzeko sistema proposatzen du. Ikuspegi hori eraikinen birgaitzeari aplikatzen diogunean, aukera ugari aurkitzen ditugu hondakinak murrizteko, baliabideak kontserbatzeko eta energia-eraginkortasuna sustatzeko.
Ekonomia zirkularrak diseinu jasangarriko soluzioen inplementazioa ere sustatzen du eraikinak birgaitzerakoan. Horrek esan nahi du erabilitako materialen eta produktuen bizi-ziklo osoa kontuan hartu behar dela, erauzten eta fabrikatzen direnetik erabiltzen diren arte eta, hala badagokio, birziklatzen edo berrerabiltzen diren arte. Zirkulartasun-irizpideen araberako birgaitzeak kapital naturala babestea du helburu, dauden materialen berrerabilera maximizatuz, baliabideen erabilera optimizatuz (baliabide naturalen eskaria murriztuz), eraginkortasun energetikoa sustatuz eta ingurumen-inpaktuak minimizatuz.
21 Zabalgunea da Zaramagako birgaitze-proiektu honen buru. Ingurugiro Gaietarako Ikastegia, Udaleko Ekonomia Zirkularraren Mahaiko kidea den neurrian, elkarlanean aritu da 21 Zabalgunearekin zirkulartasun-irizpideak proiektu honetan integratzeko; ERAIKUNE, Euskadiko Eraikuntzaren Klusterra, funtsezko eragilea izaten ari da helburua lortzeko.
Ekobirgaitze-proiektuak egiten ari diren talde teknikoak materialen zirkulartasun-irizpideak ari dira erabiltzen. Testuinguruak eta araudiak irizpide horiek eraginkortasunez integratzera behartzen badute ere, berrikuntza-dosi handiak behar dira, eraikuntza-sektorea eredu zirkularretarako trantsizioan baitago oraindik. Aitzindaria izateak zailtasunak eta aukerak dakartza, eta horregatik, Ensanche 21ek kudeatzen duen Hurbiltasun Bulegoa eta CEA elkarlanean ari gara erredakzio-taldeekin, erronka arrakastaz konpontzeko.