Lakua auzoko berdeguneak eta lursail hutsak naturalizatzea
Hasiera: 2015 - Amaiera: 2017
Eremua: Tokikoa
Zertan datza?
2015ean, Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia hedatzeko, CEAk eta Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak elkarlanean irismen handiko proiektu bat bultzatu zuten Lakua auzoan. Proiektuak izaera esperimentala izan zuen, eta mota horretako ekintzen balioa erakusteko egin zen.
Lakuan berdegune ugari zeuden, batez ere, soropilez osatuak, baina zuhaitz estaldura txikia zuten eta mantentze gastu handiak. Bestetik, ekipamenduak sortzeko pentsatuak zeuden udal lursail huts ugari zeuden, baina epe motzean garatzeko aukera gutxi zituzten, hondakinak pilatzen zituzten eta hiri bilbearen etenak eragiten zuten.
Egindako lanen artean, honako hauek izan ziren nabarmenenak: hutsik zeuden lursailak baratze eta hiri baso bihurtu ziren; zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatu ziren erdibitzaile, biribilgune, kale eta aparkalekuetan; mantentze lan baxuko lorezaintza sistemak aplikatu ziren (hala nola sega bereizia eta txorko biziak); habia kaxak eta hiri faunari laguntzeko beste sistema batzuk jarri ziren, etab. Jarduera horien bidez, hiri-biodibertsitatea, konektibitate ekologikoa eta CO2 hustubideak handitzea lortu zen, hiriko bero uhartearen efektua murriztea, airearen kalitatea hobetzea, kudeaketa eta mantentze kostuak murriztea, orube hutsei behin-behinean erabilera ematea, eta, azken finean, auzoaren ingurumen kalitatea hobetzea.
Eusko Jaurlaritzak diruz lagundu zuen proiektua, Garapen Iraunkorra sustatzeko Klima Aldaketa eta Atmosfera ildoan.