Herritarrek zientzia egin zuten 2023an CEAren laguntzarekin

Vitoria-Gasteizko Herritarren Zientziako Sarearen bidez, CEAk hamabi urte baino gehiago daramatza herritarrak ikerketa zientifikoko proiektuetan parte hartzera animatzen. Programa horren bidez, zientzialarien, teknikarien eta herritarren arteko loturak sortu dira, naturaren ezagutza hobetu da eta, gainera, herritarrak bizi eredu jasangarriago baterako aldaketan parte aktibo izatea sustatu da.
Gasteizko sare honen berezitasunetako bat da edonork lagun dezakeela ikerketa zientifikoko prozesuetan: hipotesien diseinu eta kontzeptualizaziotik hasi, datuen bilketatik eta borondatezko mapaketatik igaro, datuen interpretazio eta analisiraino eta emaitzen argitalpen eta hedapeneraino. Horrela, Gasteizko herritarren zientzia lan komunitarioko diziplina anitzeko jarduera bihurtu da: natura ondarearen kontserbazioa hobetzera zuzenduta dago, baina baita hiri eremuan arlo horretan egin daitezkeen beste ekintza batzuk sustatzera ere.
Gasteizko Herritarren Zientziaren Sareak azken urteetan izan dituen eraginak askotarikoak izan dira, eta, ziurrenik, kontaezinak, banakako ikaskuntza ikuspegi batetik begiratuz gero. Are gehiago, proiektuak ezinbesteko tokia du herritarren zientzia EAEn sustatzeko eta garatzeko.
2023an zehar hainbat aurrerapen egin ziren herritarren zientziako programetan:
Lau programa berri jarri ziren abian: Salburuko zingiretako hegaztien kontserbazioa, hegazti planeatzaileen jarraipena Gardelegin, ingurumen adierazleak neurtzea eskola-patio naturalizatuetan, eta biodibertsitatearen aldaketa hiri azpiegitura berdeko ekintzak izan dituzten espazioetan.
CEAk, beste lankidetza-erakunde batzuekin batera, hala nola UPV/EHU, Neiker, SEO/BirdLife edo Aranzadi, gidatutako hamabi programetan 188 pertsonak hartu zuten parte.
25.074 aipamen biologiko sartu ziren natura zientziekin eta ingurumenarekin lotutako datu publikoen lau gordailuetan (iNaturalist, SACRE, Ornitho Euskadi eta Lurzain).
Kontserbazio programa horiek maila biologikoan ere aparteko datuak eman dituzte. Horiei esker, jakin izan genuen iazko uztaileko txingorrak eragin kaltegarria izan zuela Salburuko paseriforme txikien komunitatean, hezegunean jaiotako gazteen % 76ri eragin baitzion; udalerrian 120 hegazti ugaltzaile espezie baino gehiago zeudela (aberastasun bikaina adibidez Donostian atzemandako 90 espezieekin alderatuz gero); edo azken hamar urteetan zortzi hegazti espezieren populazioek joera egonkorra erakutsi dutela. Era berean, egindako jarraipenen ondorioz, tximeleta espezie berri bat (Brenthis hecate) aurkitu da Armentiako basoan – 105 espezie daude orotara, kopuru benetan altu bat –, edo mehatxatutako Himantoglossum hircinum orkidea udalerriko 43 tokitan dagoela.
Programa kopuruari dagokionez 2023an izandako hazkundeak erakusten du Udalak herritarren zientziarekiko duen konpromisoa, bai eta CEAk ingurumen eta gizarte erronkei aurre egiteko ikerketa parte-hartzailean duen zeregin aktiboa ere. Horrela, lankidetzan sortutako ikerketak sustatzeak eta lortutako emaitzak jakinarazteak beste alderdi garrantzitsuago batzuetan gizarte prestatuagoa, informatuagoa eta parte-hartzaileagoa eratzen laguntzen dute.