Klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide jarri ditu abian IGIk
Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak ikerketa eta esperimentazioa baliatuz klima-aldaketari aurre egiteko naturan oinarritutako zenbait irtenbide onartu ditu, eta horrek berrikuntza berdearen alorrean erreferentziazko zentro gisa duen lekua berretsiko du.
Batetik, Txagorritxuko haur-eskolako patioa naturalizatzeko kontratua Construcciones Arana enpresari esleitzea onetsi du IGIk, 26.544 euroko aurrekontuarekin, 4 hilabetetan gauzatzeko. Gasteizek azpiegitura berdea era partekatuan eraikitzeko aurkeztutako programen artean Udalsareak aukeratu duen proiektuetako bat da hori; horri beste proiektu gehituko zaio: Urarteko udal baratzeetan (Abetxuku) ikusmen urriko pertsonentzat egokitutako lorategia sortzeko proiektua, Itxaropena elkartearena.
IGIren lehendakari Ana Oregik IGIk sustatuko Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategiaren barruan txertatu ditu hiru ekimen horiek. Estrategiaren helburua da “hiriko berdeguneen ekologia-, ingurumen- eta gizarte-funtzioak hobetzea, parke, lorategi, kale, plaza zein erreketan esku hartuz, baita beste aukera-espazio batzuetan ere, hala nola eraikinak eta erabiltzen ez diren orubeak. Ekintza horien guztien xedea da biodibertsitatea handitzea, uraren kudeaketa hobetzea, CO2aren eta beste kutsatzaile batzuen xurgapena handitzea, eta funtzio soziala hobetzea, besteak beste. Esku-hartze horiei guztiei esker, Azpiegitura Berdearen Sistema osatzen ari da, eta hori, era berean, hiriak klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko duen ahalmena hobetzen ari da, baita herritarren osasuna eta ongizatea ere.”
Orain arte Gasteizko Udalak sustatu eta gauzatu ditu jarduera horiek, berdegune eta espazio publikoetan. Baina ekipamendu pribatuetan ere garatu daiteke azpiegitura berdea, esaterako, auzo-komunitateetako patioetan, ikastetxeetan edo osasun eta asistentzia zentroetan. “Orain ikastetxe batean ekin diogu proba-proiektuari, hain zuzen ere, horrelako ekimenak eredugarri izan daitezen eta ingurumen eta gizarte onurak ekar ditzaten, Gasteizko eta beste udalerri batzuetako espazioetan errepikatzerik izan dadin” azpimarratu du Ana Oregik.
Bertako landareen katalogoa lurzoru hondatuak lehengoratzeko
Bestetik, germoplasma-bankuan flora endemikoaren bilduma bat osatzeko laguntza teknikoa kontratatzea erabaki du IGIko kontseiluak, horren bitarteaz lurzoru hondatuak berreskuratzeko asmoz, Mendebaldea proiektuan —Phy2SUDOE proiektu europarraren barruan— egiten ari den bezala. 18.000 euro bideratuko dira katalogoa osatzera.
Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma-bankua arduratuko da Mendebaldea proiektuko kokapenetan flora fitorremediatzailea bilatu eta kontserbatzeko ekintzak abian jartzeaz, eta laguntza teknikoa behar du horretarako.
“Olarizuko lorategi botanikoko germoplasma bankuak ekarpen handia egiten dihardu Gasteizko, Arabako eta Euskal Herriko biodibertsitatea zaintzen eta bertako herritarren bizi-kalitatea hobetzen, mehatxatutako flora espezieak –horietako batzuk desagertzeko arriskuan– iraunaraztea bermatzen baitu”, nabarmendu du Ana Oregik.
Esperientzia pilotua baso-sail batean
Naturan oinarritutako irtenbideen esperientziaren barruan, orobat, Gamiz herriko (Gasteizko udalerria) baso-sail batean esperientzia pilotu bat egitea onartu du IGIk, BC3-BasqueCenter zentroarekiko lankidetzan.
Proiektu horren bidez klima-aldaketak erkameztien heriotzan duen eragina hobeto ezagutu nahi da, eta basoen kudeaketarako neurriak eta estrategiak proposatu kudeaketa jarduerak etorkizuneko agertokietara egokitzearren, aldaketa globalaren aurrean erresilenteagoak izango diren basoak lortzeko xedez. Hori dela eta, ezagutza horiek baso-kudeatzaileei zein basoen jabeei jakinaraztea da proiektuaren oinarrizko helburuetako bat. 15.000 euroko aurrekontua du ekimenak.