Kaspiar kaio bat behatu da Salburuan
Otsailaren 4an Kaspiar kaio gazte bat (Larus cachinnans) behatu zen Arkautiko urmaelean. Kaioa "Los Fresnos" behatokiaren aurreko uhartetxoan zegoen, kaio ilunen (Larus fuscus) saldo baten baitan.
Duela gutxi arte, Kaspiar itsasoaren eta Itsaso Beltzaren inguruetan jatorria duen espezie hau gutxitan hurbiltzen zen Iberiar penintsulara. Hala ere, azken hamarkadetan bere hedadura eremua zabaldu egin da Erdialdeko Europara, eta gure latitudeetan gero eta sarriago agertzen da.
Behaketa Hezeguneen Mundu Egunean egin zen, Ricard Gutiérrezek eta Helena Arbonesek eman zuten hitzaldiaren ondoren Gorka Belamendiarekin egin zuten bisita baten baitan.