eues

Albistea

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 8.000 haur prestatu nahi ditu bizikletaz segurtasunez eta arduraz ibil daitezen

Datozen lau urteetan, CEAk hiriko 8.000 haur prestatuko ditu bizikletaz segurtasunez eta arduraz ibil daitezen. Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek hartuko dute parte eskola-programa honetan.

Ikastetxeetako jolastokietan egingo dute hasierako prestakuntza. Ikasleek oinarrizko araudia ezagutuko dute, bizikletaren eta segurtasun-elementuen mantentze-egoera egiaztatzen ere ikasiko dute eta baita jantzi egokiak aukeratzen eta kaskoa behar bezala jartzen ere.

Era berean, aldagailua eta balaztak zuzen erabiltzen ikasiko dute, baita oztopo finkoak edo mugikorrak daudenean distantziak kontrolatzen ere, eta egin beharreko maniobrak seinaleztatzen, besteak beste.

Ondoren, ikastetxetik hurbil dagoen trafiko bareko gune batean ariketa praktikoak egingo dira. Bertan, udal-hezitzaileek hainbat maniobra egiten trebatuko dituzte ikasleak: galtzadan sartu eta irten, galtzadan modu egokian kokatu egoera ezberdinetan, egoera begiz eta entzumenez egiaztatu, elkarguneak zeharkatu eta biribilguneetan biratu, eta bizikleta-bideetan zirkulatu.

Berrikuntza gisa, datozen ikasturteetan, CEAk Lehen Hezkuntzako 3. mailako irakasleei bizikletaren esparruko prestakuntza eskainiko die, eskolan jarduera fisikora zuzentzen diren orduetan haurrak bizikletaren erabileraz ikasten hasi daitezen eta bizikletek hiri-mugikortasun iraunkor eta osasungarriko alternatiba gisa duten balioa ikas dezaten. Helburua da ikasleek bizikletan ibiltzen ikastea eta ibilgailu hori erabiltzen hasteko lehen esperientzia izatea, eta 6. mailan bizikletaz seguru eta arduratsu zirkulatzeko prestakuntzarekin jarraitzea.

Bizikletaz ibiltzeko prestakuntzak garapen pertsonalerako ezagutza eta trebetasun oso garrantzitsuak ematen dizkie haurrei. Bizikletan ibiltzen ikasteaz gain, autoestimua, trebetasun sozialak eta autonomia pertsonala irabazten dute. Horrek guztiak ongizate-sentsazioa sortzen die eta beren osasun fisikoa eta mentala indartzen ditu.

Prestakuntza horren ondoren, haurrek konfiantza hartzen dute beren buruarengan, eta arriskua kudeatzeko gaitasunak hobetzen dituzte. Eskolara modu aktiboan mugitzeko beharrezkoak diren trebetasunak eskuratzen dituzte, eta, horrela, arreta hobetzen dute, eta horrek emaitza akademiko hobeak ekartzen ditu.

Azken batean, proposamen hau bizikletaz zirkulatzeko prestakuntza-ikastaro bat baino gehiago da: garapen pertsonalean eragiten du eta bizitzarako prestatzen laguntzen du nabarmen.

Gasteiz aitzindaria izan da ikasleak bizikletaz segurtasunez gidatzeko prestatzen. Hala, Espainiako beste hiri batzuek eredutzat hartu dute Arabako hiriburuan erabilitako egokitzapen metodologikoa.

Azken 11 urteetan hiriko 15.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte hirian bizikletaz ibiltzeko prestakuntza-ikastaro hauetan.

Jarduera hau "Vitoria-Gasteiz Hiri Hezitzailea" ekimenaren baitan dago.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala