Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko Europako Konferentzian parte hartuko du Gasteizek, Aalborgen

Gasteizko Udalaren ordezkaritza bat Aalborg hirira joan zen urriaren hasieran, Danimarkan, Hiri eta Herri Jasangarriei buruzko X. Europako Konferentzian parte hartzeko. Hitzorduaren antolatzailea ICLEI sarea (jasangarritasunaren aldeko tokiko gobernuen sarea) izan zen, zeinaren Batzorde Exekutiboko kide baita Maider Etxebarria alkatea.
Aalborg hiria aukeratu zen Konferentziaren egoitza gisa, ‘Aalborgeko Gutuna’ sinatu zeneko 30. urteurrena ospatzeko. Izan ere, gutun horren bidez hasi zen Europako hiri jasangarrien mugimendua, baita tokiko kontsulta-mugimenduak ere.
Hiru hamarkadaz indarrean egon ondoren, beste dokumentu bat aurkeztu da, ‘Aalborg Conditions’ izenekoa, eta Gasteizko Udalak atxikimendua eman dio. Aurten adostu eta idatzi da behin betiko edukia, eta udalaren ekarpenak izan ditu.
Europako tokiko gobernuek proposamena luzatu diete estatuetako gobernuei eta Europako erakundeei tokiko gobernuekin benetako lankidetza ezartzeko, eta hala, eraldaketa elkarrekin gauzatzeko baldintzak jartzeko.
Aalborg hiriko jardunaldi hauetan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (CEA) eztabaida-mahaietan eta ponentzietan parte hartu zuen klima-neutraltasunerako maila anitzeko gobernantzaz eta tokiko ekonomia zirkularraren garrantziaz aritzeko, eta Europako goi mailako hizlariekin partekatu zituen espazioak.
Gasteizi dagokionez, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak jarraitzen duen ildoari esker, gure hiria erreferente bihurtu da Europan eta mundu-mailan ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloan. Horrek hainbat mugarri ekarri ditu, hala nola, Eraztun Berdea sortzea eta 2012. urtean Europako Hiriburu Berde izendatzea.
Gaur egun, 2030erako Hiri Neutroen Europako Misioan hartutako konpromisoak garatzen ari da Gasteiz, Europako Batzordeak 2023an Hiriko Klima Akordioa onartu ondoren sortuak. Ekintza horiek guztiek helburu dute hurrengo hamarkadetan hiriek izango duten erronkarik handienari heltzea: ekintza klimatikoa.