eues

Albistea

Hegazti akuatikoen negupasaren emaitza Salburuan 2001-2002 neguan

Salburua bezalako gune bat era egokian kudeatzeko, garrantzi berezia du kudeaketa eta kontserbazio lerroak ezartzeko balioko duten segimendu ekologiko desberdinak gauzatzea. Hegazti akuatikoen kasuan (lertxunak, ahateak, etab.), sasoiz sasoi bertan bizi diren espezieak eta haien kopurua kontrolatu behar da, eta horretarako hegaztien azterketan prestaturiko langile espezializatuek aldian aldian erroldak egiten dituzte. Errolda horiek metodikoki egiten badira, hegaztien kopurua urteak joan urteak etorri nola aldatzen den ikusten laguntzen digute.

Salburuko hezeguneetan neguan hegazti akuatiko ugari batzen dira, Europa iparraldeko hotz gorritik ihesiz gure artean babesten baitira udaberria iritsi arte. Europa osoan aldi berean egin zen neguko erroldako egunetan (urtarrilak 12-20), Salburuan 18 espezietako 1.742 ale zenbatu ziren. Espezierik ugarienak, beste urte batzuetan bezala, ahateak izan ziren: zertzeta arrunta (490), basahatea (430), ipar-ahatea (220) eta mokozabal arrunta (154). Beste espezie ugari batzuk kopetazuri arrunta (205) eta hegabera (98) izan ziren. Kopuru txikiagotan ikusi ziren beste batzuk hauek izan ziren: koartza hauskara, zikoina zuria, txilinporta txikia, ubarroi handia, ahate txistularia eta buztanluzea, murgilari arrunt eta mottoduna, uroilo arrunta, urailanda handia, istingorra, antxeta mokogorria eta martin arrantzalea.

Aurreko negupasaz konparatuz gero, 421 aleren beherakada nabari da. Hala ere, kontuan hartu behar da negu hau berezia izan dela, abendu eta urtarrileko hotzaldiak urmaelak ia osorik izoztu baitzituen. Honen ondorioz, hegazti askok alde egin zuten eguraldi epelagoaren bila. Beraz, pentsatzekoa da negupasa honetan gertatu den hegazti jaitsiera natur zergatien bidez azal daitekeela.

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala