Gaueko Harraparien Kontserbazio Programa
Gaueko Harrapariak Kontserbatzeko Programa 2020an sortu zen, Gasteizko hiriko eta hiri-inguruko parkeetan bizi diren gaueko hegaztien populazioen jarraipena egiteko.
Morfologiagatik eta kantuagatik erraz ezagutzeko moduko taldea denez, hegaztien identifikazioan edozein ezagutza-maila duten pertsona guztiek parte har dezakete errolda honetan.
Jarraipen honen helburu diren espezieak honako hauek dira: urubi arrunta, hontz ertaina, hontz zuria, apo-hontza eta mozolo arrunta. Gainera, harraparia ez izan arren, interesgarria denez, zata arruntaren laginak ere hartuko dira.
Noiz: Urtero, otsailaren 1etik ekainaren 30era.
Izen-ematea: Parte hartu nahi baduzu bidali ezazu mezu bat cienciaciudadana@vitoria-gasteiz.org helbidera.
Zertan datza?
- Populazio-erroldak egitea hegaztien presentzia kuantifikatzeko, populazio-joera ezagutzeko eta kontserbazio-egoera ebaluatzeko.
- Biodibertsitatea neurtzeko adierazle bat sortzea populazioen joera erabiliz.
- Espezie horien ekologiari buruzko oinarrizko ezagutzak areagotzea, bereziki haien kontserbazioarekin lotutakoak.
- Herritarrak sentsibilizatzea espezie horiek hiri- eta natura-eremuetan kontserbatzeak dakartzan onurei buruz, izurriteak saihesteko, eta gizakien osasuna, ekosistemak eta biodibertsitatea babesteko.
- Kontzientziazio-kanpaina bat egitea, gaueko harraparien "irudi negatiboa" ezabatzeko herritarren artean.
Parte-hartzaile bakoitzak laginketa-puntu bat aukeratuko du eta urtean bost bisita egingo ditu:
- Lehena otsailean
- Bigarrena martxoan
- Hirugarrena apirilean
- Laugarrena maiatzean
- Bostgarrena ekinean
Erabili beharreko metodologia Euskadiko gaueko hegaztien erroldarako 2018an erabili zen bera da. Bost erroldak iluntzetik aurrera egingo dira, ia argirik ez dagoenean. Hobe da gaueko lehen bi orduetan egitea, gaueko hegaztien ahots-jarduera handieneko unea baita. Egun lasaietan egin behar dira, euririk eta haizerik gabekoetan. Erroldak denboraldiaren hasieran hautatutako laginketa-puntu berberetan egingo dira.
Behatzaileak, laginketa-puntu bakoitzera iristean, 5 minutuko entzuketa egingo du, edozein espezieren berezko kantuak detektatzeko. Jarraian, apeua konektatuko da eta 5 minutuz mantenduko da kantu espezifiko batekin (espezie bat hilabeteko). Ondoren, beste 5 minutuko entzuketa egingo da, apeua piztu gabe, puntu bakoitzeko errolda-denbora 15 minutukoa izan dadin. Beraz, parte-hartzaile bakoitzak 15 minutu beharko ditu puntu bakoitzaren laginketa egiteko.
Otsailean urubi arruntaren apeua erabiliko da; martxoan, hontz ertainarena; apirilean, hontz zuriarena; maiatzean, apo-hontzarena; eta ekainean, mozolo arruntarena.
Laginketaren 15 minutuetan, detektatutako espezie guztietako banako guztiak erregistratuko dira, bai hilabete horretan jarritako apeu-espeziekoak (adibidez, otsailean, urubia), bai gainerakoak (adibidez, otsailean: hontz ertaina, hontz zuria, apo-hontza eta mozoloa). Ez da zata arruntaren apeurik jarriko, baina detektatzen diren guztiak apuntatuko dira.
Udazkenean, urteko errolda amaitutakoan, programaren koordinatzaileak txosten bat egingo du errolden emaitzekin.
Urteak igaro ahala Gasteizko hiriko eta hiri-inguruko gaueko hegazti harraparien populazioen joerei buruzko datuak lortu nahi dira.
Laginketarako materiala
Atariak CD formatuan emango ditu erabili beharreko apeu-grabazioak. Parte-hartzaile bakoitzak erreproduzitzaile bat lortu beharko du errolda egin ahal izateko. Apeuaren bolumenak 250 metro urrundu eta entzuteko gai izan behar du, baina ez du izan behar soinuak desitxuratzeko bezain altua.
Zalantzarik izanez gero, hegazti-kantuen web-orria (https://www.xeno-canto.org) erabil daiteke espeziea identifikatzeko. Kontuan izan behar da hainbat kantu daudela (alarma, borroka, kantua) eta generoak eta adinak kantua aldatzea eragin dezaketela. Hemen dituzue lagindu nahi diren sei espezieen kantuak:
Halaber, entzuten denaren grabazioa egin daiteke, eta, ondoren, koordinatzailearekin eta gainerako parte-hartzaileekin kontsultatu, Gaueko Harraparien Programako Whatsapp taldearen bidez.
Landa-fitxa
Laginketaren unean datuak igo ezin badira eta gorde nahi badira, honako fitxa hau bete daiteke, datuak geroago igotzeko.
Whatsapp taldearen bidez zalantzak koordinatzailearekin kontsulta daitezke, baita egindako argazkien identifikazioak ere.
Erroldaren emaitzak ornitho.eus webgunean erregistratuko dira (Euskadiko herritarren zientziarako plataforma da), bai ordenagailuetarako https://www.ornitho.eus/ aplikazioaren bidez, bai gailu mugikorretarako Naturalist.app aplikazioaren bidez.
Lehenengo kasuan, ordenagailuan, tableta batean edo telefonoan bertan egin behar da, baina aplikazioa deskargatuz gero, errolda egiten den aldi berean egin daiteke, eta askoz praktikoagoa da. Edozein kasutan, hasi aurretik, alta eman behar da aplikazioan datu pertsonalak emanez (webgunean nahiz mugikorrean baliozkoak dira datu horiek). Horrela, errolda egiten duen pertsonaren izena automatikoki erregistratuko da. Datuak sartzea erraza eta azkarra da.
Laginketak amaitu eta hilabetera igo ez diren datuak, hau da, uztailaren 30erako igota ez dauden datuak, ez dira kontuan hartuko analisietan.
Ornitho webgunearen bidez datuak igotzea
Naturalist aplikazio mugikorraren bidez datuak igotzea
Aukera honen bidez, mugikor edo tableta bakoitzak bere formatua du. Beraz, aurreko atalean agertzen den protokoloaren laguntzaz datuak igo ezin badira, cienciaciadana@vitoria-gasteiz.org helbidean kontsulta daiteke, edo Atarira jo laguntza eskatzeko.
Emaitzak
Urteko memoriak
Behaketen mapa
Aurreko urteetako behaketen mapa
Datos abiertos
Puedes acceder a los datos abiertos del Programa de observación de orquídeas en el portal de Open Data del Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz.
Descubre más >