Gasteizko landa eremuan bizikletentzako loturak egiteko plana osatu da

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 2023an kontratatu zuen planaren idazketa, Udalaren Landa Eremuaren Zerbitzuak egindako eskaera bati erantzunez. Landa Eremuaren Zerbitzua kokatuta dagoen Espazio Publikoaren eta Auzoen Sailak azaroaren 12an aurkeztu zuen lana.
Kontzejuekin partekatu eta adostutako lehen diagnostikoa da, eta landa eremua hiriburuko bidegorri-sarearekin lotzeko beharrezko ibilbideak biltzen ditu. Diagnostiko honen bidez, Udalaren helburua landa eremuan bizikletaren hautua gero eta gehiagok egitea da, eta garraiobide garbi eta jasangarri hori alternatiba erakargarria izan dadila auto partikularraren aurrean. Horretarako, ezinbestekoa da landa guneak hiriarekin lotzen dituzten bideak erosoak, seguruak eta irisgarriak izan daitezen. Urtebeteko lanaren ostean, guztira 47 kilometro osatzen dituzten eta bi miloi eta erdi euroko inbertsioa duten 20 ibilbide sortu dira.
Txostenak biltzen dituen 20 ibilbideetatik, Gamarra Nagusia lotzen duena aterako da lehenbizi kontrataziora. Gainera, Arabako Teknologia Parkera joango den etorkizuneko bidearen parte izango da.