Gasteizko Ekonomia Zirkularraren Estrategia onartu aurreko parte-hartze prozesua hasi da
Vitoria-Gasteizko Udalak prozesu parte-hartzaile bat jarri du abian Vitoria-Gasteizko Ekonomia Zirkularraren Estrategia berria eta horri lotutako 1. ekintza-plana (2024-2027) sortzeko. Lehenengo saioa, politikoa, urriaren 31n izan zen, eta gobernu-taldea izan zen protagonista; ondoren, azaroaren 7an, bilkura tekniko bat egin zen, Udaleko ia zuzendari guztiak bertan zirela. Datozen asteetan, hiru saio egingo dira agente fokalekin, eta, azkenik, saio irekia egingo da herritarren parte-hartzearekin.
Azken ehun urteetan, materialen per capita kontsumoa bikoiztu egin da munduan eta biztanleria bost aldiz biderkatu da. Joera horrekin, kontsumoak esponentzialki igotzen jarraituko duela espero da. Faktore horiek nabarmen handitu dute baliabide naturalen gaineko presioa eta ingurumen-inpaktuen garrantzia, eta planetaren muga biofisikoak gainditzen ari dira. Lehengai kritikoen eskaria handitzeko joera horrekin, birziklatze- eta berrerabiltze-prozesuak ez dira nahikoak izango, nahiz eta horien eraginkortasuna % 100koa izatea lortu. Ekonomia zirkularra arazoa konpontzeko alternatiba izan daitekeela ikusi da.
2017an, Ekonomia Sustatzeko Udal Zerbitzuak eta Ingurumena Kudeatzeko (Hondakinen Unitatea) Zerbitzuak elkarlanari ekin zioten Ekonomia Zirkularreko proiektuak bultzatzeko. Lankidetza horretatik sortu ziren Birgurpil eta Konpondu proiektuak.
2021ean, beste urrats bat emateko apustua egin zen, Gasteizko Udalaren estrategia propio bat definituz. Erronka horri heltzeko, Iraunkortasun, Klima eta Energia Zerbitzua eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegia (CEA) batu ziren taldera.
Sail anitzeko talde horrek hainbat dokumentu definitu ditu: Vitoria-Gasteizen ekonomia zirkularraren aurrerapena neurtzeko adierazle sistemikoen multzo bat osatu du, egungo egoeraren diagnostiko bat egin du eta tokiko ekonomia zirkularra bultzatzeko lehen ekintza-planarekin osatutako estrategia bat zirriborratu du. Nazioarteko adituen eta tokiko eragileen laguntza eduki da estrategiaren dokumentuak garatzeko.
Datozen asteetan orain arte egindako lana herritarrekin partekatuko da, eragile eta pertsona interesdun guztien ekarpenak izango dituen Ekintza Plan bat definitzeko.
Prozesu horren ildotik, azaroaren 8an, CEAk CCRI (Circular Cities and Regions Initiatives) ekimenaren nazioarteko lehen konferentzian parte hartu zuen, Bruselan. Europako Batzordearen ekimen bat da hori, Batzordeak 2020an onartu zuen Ekonomia Zirkularreko Ekintza Planarekin lerrokatuta dagoena.