eues

Albistea

Gasteizek nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorra definituko du, parte hartzeko prozesu baten bidez

Gasteizko Udalak parte hartzeko prozesu bat koordinatuko du, hiriko zenbait gizarte-eragilek udalerrirako nekazaritzako elikagaien estrategia iraunkorra zehaztu dezaten. Nekazaritzako elikagaien sistema praktika ekologikoagoetara bideratzea eta tokiko autosufizientzia maila handitzea izango dira bide-orriaren helmuga nagusiak. Azken batean, gure ingurunean ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko egokitzapen handiagoa lortu nahi da.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak eta elkarteek zein banakoek hainbat urte daramate horretan lanean, eta orain Gasteizek elikagaien alorrean etorkizun iraunkorragoa lortzeko egin duen apustua indartu nahi da, ekintza plan bat landuz.

Parte hartzeko prozesua bost hilabetetan garatuko da, otsailean bertan hasita. Sei saio antolatuko dira, herritar orori irekiak. Gainera, CEAren webgunean eztabaidatzeko espazio birtual bat sortu da (www.vitoria-gasteiz.org/elikatuvg), nahi duten gasteiztarrek beren ikuspuntua, ezagutzak edo ideiak azal ditzaten.

Prozesu osoa bi fasetan banatuko da. Lehenengoan, CEAk dagoeneko landua duen hasierako diagnostikoaren dokumentua aztertu eta balioetsiko da, nekazaritzako elikagaien estrategiarako helburuak adostuko dira, eta prozesua jarraitzeko batzordea eratuko da. Horretarako bi lantegi egingo dira. Bigarrenean, sektorekako bilerak egingo dira (ekoizleak, banatzaileak, merkatariak eta kontsumitzaileak), ekintza planaren ildo nagusiak zehazteko. Hartara, uda aurretik jarraibide zehatzak jasoko dituen agiria landuta izatea espero da.

Nekazaritzako elikagaien katea sustatzerakoan Gasteizko Udalaren egiteko hauek izango ditu: hirigintza plangintza hobea (nekazaritza lurrak babestea), elikagaien kudeaketa publiko iraunkorragoa (udal baliabideetan produktu lokal eta ekologikoen kontsumoa sustatzea), elikagai osasungarriagoak eta tokiko ekoizpena gehiago kontuan hartzen dutenak kontsumitzeko ohiturak sustatzea, eta udalaren landa funtsak baliatzea nekazaritza ekologikoko ekimenak abian jartzeko.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak nabarmendu duenez, hiriko testuinguruak aldeko ezaugarriak ditu, esate baterako, herritarren parte-hartzerako kultura historikoa, hiriak landa eta natur ingurunearekin duen lotura estua, Euskadiko kultura gastronomikoa, eta nekazaritzako elikagaien arloan burujabe izatearen aldeko joera orokorra.

www.vitoria-gasteiz.org/elikatuvg

Tokiko produktuen Saltokia Azoka Plazan

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala