Gasteizek bi buggy elektriko estreinatu ditu, Eraztun Berdeko parkeetan bisitak errazago egiteko
Gasteizko Udalak buggy motako bi ibilgailu berri estreinatu ditu egunotan, Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren bidez erositakoak. Eraztun Berdea ezagutu nahi duten pertsonei bisita erraztea da ibilgailu berrien helburua, eta Salburuan zein Olarizuko lorategi botanikoan emango dute zerbitzu. Interpretazioz lagundutako zirkuituak eskaini nahi dira buggien bitartez, zaratarik eta gas kutsatzaileen emisiorik sortzen ez dutenez Eraztun Berdeko leku esanguratsuetatik zirkulatu ahal baitute; hain zuzen ere, ikasturte honetan 25 urte beteko ditu Eraztun Berdeak. Sei pertsona sar daitezke, eta propultsio elektrikoko sistema eta bateria-motorra dituzte.
Orain, Salburuko parkeak bost motatako bisita gidatuak ditu: oinez, bizikletaz, buggyz, scooterrez (mugikortasun murriztuko pertsonentzat), eta enpresentzako bisitak. Gainera, bisitak euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez eskaintzen dira. Buggy bidezko bisitetan 2-5 pertsonak hartu ahal dute parte; ordu eta erdi irauten dute, eta prezioa pertsonako 10 euro da. Salburuko ingurune ezberdinetatik doa ibilbidea, bertako hegaztiak, landaretza eta fauna ezagutzeko: aintzirak, bideak eta behatokia.