eues

Albistea

Galium boreale espeziearen populazio bat aurkitu da Olarizuko zelaietan, desagertutzat eman zenetik 27 urte igaro ondoren

Gallium boreale espeziearen argazkia

Pasa den ekainean, Olarizuko lorategi botanikoaren germoplasma bankuak egindako "Arabako lautadaren uharte-hariztietako flora mehatxatu eta bereizgarriaren kontserbazio eta birsartzerako programa (LIC ES2110013)" proiektuaren landa-lanaren ondorioz, Galium boreale espeziearen populazio bat aurkitu zen Olarizuko zelaietan.

Populazio hau 1983aren irailaren 3an ikusi zen azken aldiz, P.M. Uribe-Echebarría botanikariak (2010) "Vitoria-Gasteizko udalerriko flora mehatxatua" ikerlanean adierazi zuen bezala. Lan hau CEAk eskatu zion eta helbide honetan dago eskuragarri. Arabako Natur Zientzien Museoaren herbarioak azken behaketa honen lekuko diren bi plegu ditu; plegu hauek erabili zituen, hain zuzen, Aseginolazaren taldeak (1984) Eusko Jaurlaritzaren aginduz egin zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako katalogo floristikoa argitalpenean.

Galium boreale espeziea Rubiaceae familiako belar iraunkorra da. Europako toki askotan bizi da, baina Iberiar penintsulan oso arraroa da eta iparraldean soilik bizi da. EAEn bi tokian dago: Sobrongo haitzartean eta Arabako lautadako puntu batzuetan (Luzuriaga eta Olarizu). Populazio txiki eta isolatuetan bizi da, belardi hezeetan. 2011ko urtarrilean argitaratu zen Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoa argitalpenean.

Olarizuko zelaietan zegoen populazioaren desagerpenaren arrazoi nagusia bertan zeuden belardi heze naturalen asaldura izan zen, gehien bat Olarizuko eremua hiri inguruko parke publiko modura moldatzeko drenatze lanak eta lorategi itxura sortzeko lanak egin direlako. Hala ere, Olarizuko zelaietan belarra mozteko egiten diren lan intentsiboek ez dute lortu landare hau eta bere landare komunitatea ezabatzea. Aldian-aldian gertatzen zen asaldura hau jasan ahal izan dute eta ez dira ordezkatuak izan segen kopuru honen ondorioz sortzen den soropilagatik.

Olarizuko lorategi botanikoaren germoplasma bankuaren, CEAren eta Udalaren parke eta lorategien zerbitzuaren elkarlanari esker, Olarizuko zelaietako bi eremuetan ez da belarra moztu azken aldian, Galium boreale eta bere komunitatea ongi garatu ahal izan daitezen.

Beraz, parke publikoa osatzen duten belardi hauen kudeaketa aldatu da Garrantzi Komunitarioko Habitat kontsideratua dagoen habitat baliotsu bat leheneratu ahal izateko. Horrela, Vitoria-Gasteizko udalerrian mehatxatutako floratzat hartuta dauden 28 espezietako bat, iraungitzat ematen zena, berreskuratu ahal izan da.

Espeziearen fitxa Eusko Jaurlaritzaren webgunean:
http://www.ingurumena.ejgv.euskadi.net

Harremanetarako datuak

Helbide postalaIGI-CEA - Ingurugiro Gaietarako Ikastegia
Zulueta jauregia
Senda ibilbidea, 2
P.K. 01007 - Vitoria-Gasteiz
Posta elektronikoaceaadmin@vitoria-gasteiz.org
Telefonoa +34 945 16 26 96

Buletin digitala

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiaren albiste guztien berri izateko, harpidetu zaitez buletin digitalera. 

Sare sozialak

Facebook x-twitter Boletín

Ekipamenduak

Logoa: Vitoria-Gasteizko Udala

CC BY-SA 4.0 - Vitoria-Gasteizko Udala