Florida zinemetan egingo da irailaren 23tik 25era bitarte Txoriastearen 11. edizioa

Udazkenaren hasieran Hegaztien Mundu Eguna ospatzen dela eta, Vitoria-Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak Txoriastea, izaera kontserbazionista duen Ingurumeneko Zinemaren Zikloa antolatu du. Aurtengoa 11. edizioa izango da. Florida zinema-aretoetan egingo da, irailaren 23tik 25era bitarte.
2024ko edizioa irailaren 23an, astelehenean, hasiko da Rodrigo Sorogoyenen ‘As Bestas’ lanarekin. Ikusleen eta kritikaren aitortza jaso zituen eta benetako gertaeratan oinarrituta dagoen landatar kutsuko thriller boteretsua da. Landa-inguruneko egungo zenbait arazori buruzko hausnarketa egiten du filmak, hala nola landa-eremura bizitzera joaten diren komunitate autoktonoen eta urbaniten arteko balio eta begiraden gatazkari buruzkoa, ekonomia- eta lurralde-krisiaren testuingurua oinarritzat hartuta. Jaime Ortiz de Urbina biologoak filmaren inguruko aurkezpen laburra egingo du, eta testuinguruan jarri.
Hilaren 24an, asteartean, aurrera jarraituko du zikloak Ken Loch zuzendari entzutetsuaren ‘Kes’ filmarekin. Emanaldia CEAk Gasteizko Zineforumarekin elkarlanean eskainiko du. Britainia Handiko zinema arloko maisulana dela esan dezakegu eta Barry Hines idazlearen ‘A Kestrel for a Knave’ (1968) eleberrian oinarrituta dago. Hezkuntza eta gizarte gaiak jorratzen dituen klasiko bikain hau Yorkshire konderrian (Ingalaterra) filmatu zuten eta hegaztien protagonismo handia dute. Mahai-ingurua Udane Sánchez Reyk, ‘El Laberinto del Juego 2.0’ren eta ‘Huella Amiga’ elkartearen sortzaileak, zuzenduko dute. Udanek haur askoren kasuan, animaliekin egindako terapiak (hegaztiak barne) ekar ditzakeen onurak azalduko ditu.
Txoriasteari amaiera bikaina emateko, ‘Aroak’ dokumentala iritsiko da. Euskal Herrian filmatuta dago eta urtaroak, bizitza-zikloa eta gizakiak natura-ingurunearekin duen lotura jorratzen dituen olerki bisuala da. Lanak Euskal Herriko lurra eta kultura lantzen ditu (istorio batzuk euskaraz azaltzen dira, gaztelaniazko azpitituluekin). Gainera, landatar munduko antzinako bizimoduak eta bizimodu modernoagoak ere ikus daitezke. Hizlaria dokumentalaren zuzendaria, Alberto Fernández Vegas, izango da. Hari esker, parte hartzen dutenek dokumental bat ekoizteko prozesuaren eta lanaren gakoak ezagutzeko aukera izango dute.
Saioak 19:30ean hasiko dira, eta sarrera 3 eurokoa izango da. Icono Difusión Culturalek kudeatzen du programa.