Albistea

23 ikastetxetako ikasleek bost konpromiso beteko dituzte Gasteiz jasangarriagoa izan dadin

Aldabe gizarte etxeak Eskolako Agenda 2030n Udal Foroa hartu zuen maiatzaren 19an. Ekitaldi horretan, hiriko ikasleek 2025-2026 ikasturtean CEAk sustatutako programaren barruan egindako lana aurkeztu zuten.

Ekitaldian Borja Rodríguez Gasteizko Hiri Eredu, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen zinegotziak parte hartu zuen, eta ekimenean parte hartu duten 23 ikastetxeetako ikasleen inplikazioa eskertu zuen.

Programa honen helburua hiriko lehen eta bigarren hezkuntza mailetako ikasleek ingurumeneko arazoak konpontzen modu aktiboan parte har dezaten beharrezkoak diren motibazioa, ezagutzak, gaitasunak, jarrerak eta konpromisoak garatzea da. Hori guztia NBEren Batzar Nagusiak 2015ean onartutako 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lotuta egin dute.

Hezkuntza komunitateak edizio honetan landu duen gaia 12. Garapen Jasangarrirako Helburuan (12. GJH) zentratuta dago: 'Produkzio eta kontsumo arduratsua, ekonomia zirkularraren gaia bereziki azpimarratuta'.

Parte hartu duten Vitoria-Gasteizko ikasleek bost ekintza partekatu garatzeko konpromisoa hartu dute, Gasteiz jasangarriagoa egiten laguntzeko. Horrela, elikagaiak alferrik galtzearen aurkako kanpainak egingo dituzte, bigarren eskuko azoka txikiak egingo dituzte, Reutilizagune deritzona sustatuko dute, hondakinen bilketari buruzko informazioa emango dute eta azken kilometroko banaketari buruzko inkestak egingo dituzte.

Hobekuntza proposamenak

Bestalde, zinegotziak aurreko ikasturtean (2024-2025) ikasleek jasangarritasunaren arloan egin zituzten 56 hobekuntza proposamenen berri eman zuen, eta nola horietako batzuk dagoeneko garatzen ari diren Gasteizko Udalean.

Udalak, gainera, ikasleek planteatutako beste ideia batzuk landuko ditu, hala nola puntu berde mugikorraren ordez edukiontzietan jarritako bilketa sistema erabiltzea eta jatetxeetan eta eskola jantokietan elikagaiak alferrik galtzea murriztea, besteak beste.

Interesa dakizuke