Eskola Jolastokiak Kontserbatzeko Programa
Eskola Jolastokiak Kontserbatzeko Programaren helburua eskoletako patio naturalizatuetan bizi diren komunitate biologikoetan zer nolako aldaketak gertatzen diren aztertzea da. Ebaluazio- eta monitorizazio-sistema estandarizatu bati esker, basa-faunaren bilakaera behatzeko eta bertako populazioek ikastetxe bakoitzean duten joera aztertzeko aukera emango digu aldizkako neurketa honek.
Noiz: Urte osoan zehar.
Izen-ematea: Parte hartu nahi baduzu bidali ezazu korreo bat cienciaciudadana@vitoria-gasteiz.org helbidera.
Zertan datza?
- Gasteizko eskola-jolastoki naturalizatuetan bizi diren komunitate biologikoen osaera eta egitura identifikatzea.
- Espazioen dibertsifikazioa aztertzea, garatutako landaredi-geruzen eta horiek faunarekin duten harremanaren bitartez.
- Komunitate biologikoen harrera-gaitasuna hobetzeko egindako ahalegina baloratzea.
- Dauden komunitate biologikoen presentzia, osaera eta berezitasunak ebaluatzea, taxonen aberastasuna eta aleen ugaritasuna zehaztuz.
- Fauna-espezieen osaera eta dibertsitatea neurtzea, eta horien kontserbazio-egoera eta populazioen joerak deskribatzea.
- Jolastokian dauden babeslekuen okupazio-maila eta holako zein halako espezieen janleku eta urasken erabilera monitorizatzea.
Ikastetxe parte-hartzaileek jarduera aukeratu ahal izango dute, egutegi honen arabera:
- Hegaztien laginketa: bi laginketa urtean, apirilaren 15etik ekainaren 15era bitartean.
- Tximeleten laginketa: bi laginketa urtean, maiatza eta ekaina bitartean.
- Marigorringoen laginketa: laginketa bat urtean, ekainean.
- Polinizatzaileen laginketa: hiru laginketa urtean, maiatzetik uztailera bitartean.
- Habia-kutxen laginketa: bi bisitaldi urtean. Lehenengo bisita apirilaren 15etik maiatzaren 15era bitartean; bigarrena, maiatzaren 15etik ekainaren 15era bitartean.
- Intsektu-hotelen laginketa: bisitaldi bat, ekainean, aterpearen okupazio-maila jakiteko eta, ahal denean, hura okupatzen duten espezieak zehazteko.
- Saguzarrentzako babeslekuen laginketa: bi bisitaldi urtean, ekainetik urrira bitartean. Lehenengo ikuskapen-bisitaldia ekainean, ugal-koloniarik ba ote den atzemateko, eta bigarrena urrian, kutxa irekitzeko eta hautemandakoaren berri jasotzeko.
- Hegaztientzako janlekuen/urasken erabileraren laginketa: bisitaldi bat neguan, abenduaren 15etik urtarrilaren 15era bitartean, eta bigarrena udaberrian, maiatzaren 15etik ekainaren 15era bitartean.
Espezieko banakoen kopurua identifikatu eta kuantifikatu behar da, eta, ahal den guztietan, argazkiak egin behar zaizkie, egoera fenologikoa adieraziz.
Adierazleen laginketarako metodologia:
- Hegaztien laginketa: laginketa-puntu batean 5 minutuz ikusi edo entzundako hegazti guztiak kuantifikatu behar dira; 25 metrotik irudizko erradio baten inguruan bereizi behar dira, erradio horretatik behera, batetik, eta hortik gora atzemandakoak, bestetik.
- Tximeleten laginketa: 15 minutuko denbora-tartean eskolako jolastokian hegan dabiltzan tximeleta-banako guztiak identifikatu eta kuantifikatu behar dira.
- Marigorringoen laginketa: 20 landareko sorta bat jaso behar da ausaz; 15 astinaldi bizitan astindu behar dira hostoak, adaburuaren sektore jakin batean, eta laginak aterki entomologiko baten gainean bildu. Hor atzemandako marigorringoak identifikatu eta kuantifikatu behar dira.
- Polinizatzaileen laginketa: 50 metroko luzerako trantsektu lineal bat ibili behar da, hiru aldiz, eta aldi bakoitzean polinizatzaile talde bat (tximeletak, erleak eta sirfidoak) soilik behatu.
- Habia-kutxen laginketa: ahalik eta laburren egin behar da habia-kutxa bakoitzaren ikuskapena, eta inoiz ez haize handiko eta/edo euriko egunetan. Kutxen barrualdea ikusteko kamera endoskopikoak erabili behar dira. Okupatutzat joko dira habia duten kutxak, abandonatuta egon zein ez (betiere errunaldirik izan bada). Ingurunea karakterizatu behar da okupazio-probabilitatea zehazteko: (1) Habitaten ehunekoa (estaldura), 50 m-ko erradioan: ura (putzuak edo urmaelak), lorategiak, eraikinak, eremu urbanizatu eraiki gabea (adibidez: errepideak, plazak, espaloiak...). (2) Kaxaren ezaugarriak: orientazioa, altuera, zuhaitzaren zabalera (1,5 m lurretik gora, gutxi gorabehera). (3) Kaxatik gertuen dagoen ingurunearen ezaugarriak (erradioa: 25 m): zuhaitz kopurua eta horien batez besteko zabalera, bidearekiko distantzia eta bide mota (bide zolatua/zolatu gabea, kalea), zuhaiztiak estalitako azaleraren ehunekoa eta zuhaitz mota (hostogalkorra, perennifolioa), sastrakek, zuhaixkek, belar-landarediak, eraikinek, zoladurak edo beste okupazio mota batzuek estalitako azaleraren ehunekoa.
- Intsektu-hotelen laginketa: aterpea ikuskatu behar da, habia duten zuloen kopurua zenbatzeko, abandonatuta egon zein ez (betiere errunaldirik izan bada). Hutsik dauden zuloak ez dira okupatutzat jo behar.
- Saguzarrentzako babeslekuen laginketa: babes-kutxetan umatze-kolonien presentziarik ba ote den identifikatu behar da, ultrasoinuen detektagailuaren bidez. Urrian ireki behar dira kutxak, barruan dagoenaren berri jasotzeko: habiak, hegaztien edo saguzarren guanoa, liztorrak, etab. Guanoaren tamaina jaso behar da idatziz, eta haren kantitatea baloratu, 1etik 5era, neurri hauen arabera: 1, 1 eta 10 gorotz artean; 2, 10 eta 50 gorotz bitartean; 3, 50 baino gehiago, baina kutxaren oinarri osoa estali gabe; 4,kaxaren oinarri osoa guanoz estalita dago, baina ez du 0,5 cm baino gehiagoko lodiera hartzen; 5, oinarri osoa guanoz estalita dago eta 0,5 cm baino gehiagoko lodiera du.
- Hegaztientzako janlekuen/urasken erabileraren laginketa: 15 minutuz, janlekuarekin/uraskarekin elkarreragiten duten hegazti guztiak kuantifikatu behar dira, espeziea identifikatuz eta, ahal den neurrian, banakoak bereiziz.
Programa honetan parte hartzen dutenek eskura izango dute eskola-jolastokiei buruzko Whatsapp taldea. Bertan, koordinatzailearekin kontsulta daitezke zalantza guztiak, eta egindako argazki eta grabazioen identifikazioak ere lor daitezke.
Herritarren Zientziarako Parte-hartze Sareak plataforma digital ezberdinak erabiltzen ditu, parte hartzaile guztien datuak modu estandarizatu batean gorde eta ondoren koordinatzaileak datuak analizatzeko. Orkideen laginketen emaitzak iNaturalist webgunean igotzen dira, ordenagailuen web-gunearen bitartez https://www.inaturalist.org/ edo iNaturalist.app gailu mugikorren aplikazioaren bitartez.
Prozesu honetan zehar laguntza izateko protokoloa:
Mugikorreko iNaturalist.app aplikazioa askoz praktikoagoa da, datuak laginketa egiten den bitartean sar baitaitezke.
Kasu bietan, datuak sartu baino lehen kontu bat sortu behar da datu pertsonalekin. Honela, laginketa bat gauzatzen den guztietan gordeta geratzen da laginketa gauzatzen duenaren izena. Datuak sartzea erraza eta azkarra da.
Datuak mugikorreko aplikazioarekin igotzea aukeratzekotan, mugikor, tablet edo ordenagailu bakoitzak bere formatua izango du. Beraz, aurreko atalean agertzen den protokoloari esker datuak igo ezin badira, cienciaciudadana@vitoria-gasteiz.org posta-helbidean galdetu edo Atarira joan laguntza eske.
Datuak aplikazioan urriak 30 baino lehen erregistratu beharko dira.
Emaitzak
Datos abiertos
Puedes acceder a los datos abiertos del Programa de observación de orquídeas en el portal de Open Data del Ayuntamiento de Vitoria-Gasteiz.
Descubre más >